Lakuaren errepresioaren aldeko «argudioak»
Estatu espainolak ukazioa ohiko jokabidea du errepresio gaiez hitz egin behar duenean. Tortura salaketen aurrean, ukatu eta salaketa egiten dutenak auzipetu egiten ditu, salaketa horiek ikertu beharrean. Horregatik ez da oso harrigarria errepresioaren kontra biharko Bilbon deituta zegoen martxa Lakuako Barne Sailak debekatu izana. Ez da harrigarria, baina bai larria, eta hartarako atzo eman zituen argudioak entzunda, are larriagoa. Deialdia «legez kanpo ezarritako elkarteen ezaugarriak dituzten pertsonek» egina dela esatea manifestatzeko eskubidea Saileko arduradunen nahiaren mende dagoela esatea da. Ertzaintzari «tortura praktikak erabili dituela leporatu» diotela argudiatzeak -Bilboko azken atxilotuen salaketen berri jakinarazteagatik-, berriz, agintari horiei tortura gai ezerosoa gertatzen zaiela uzten du agerian, eta horrela herritarrek kontu horretaz duten susmo edo uste osoa handiagoa izatea lortzen dute. Azkenik, «istiluak sortzeko arriskua» dagoela dio Barne Sailak. Ez da argudio berria, baina bai beste biak bezain funsgabea, urteetako esperientziak kontrakoa erakusten duelako. Barne Saileko arduradunei argudio bakar bat ematea eskas zela iruditu zitzaien, nonbait, eta hiru emanez debeku funtsatuagoa emango zutela uste izan dute. Hala ere, funtsik gabeko hamaika argudiok bakar baten balio berbera dute: hutsaren hurrengoa.