GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Birfundazioa

Halako batean, inork ez dakielarik nola (lurrikarak, uholdeak eta naturaren gainerako fenomenoak sortzen diren antzera, eta, beraz, inoren errurik gabe), krisi ekonomiko ezohiko batek astindu zuen mundua. Bazirudien kapitalismo adimentsuak, finantza-zurrunbiloak baretzeko mekanismo automatikoak dituena, ez zela horren azkarra, baina berehala ikusi genuen uste baino azkarragoa dela. Eta Ameriketako Estatu Batuetako, Europako eta Japoniako gobernuek finantza sistema erreskatatzeari ekin zioten, kausa noble horretarako diru publikoa barra-barra erabiliz. Herrialderik aberatsenetako liderrek eta enpresa lider nagusiek, beren aldetik, Davos, G-8, G-zur eta mundutarron bizitza -eta heriotza- antolatzen duten gainerako foro eta gailurretan bilduta, kapitalismoa birfundatu behar zutela erabaki zuten.

Esan eta egin. Eta behin krisia gaindituta, eta langabezia tasa gaindituago -goranzko norabidean-, finantza merkatuek indar berriz heldu zioten atzera berriro espekulazioaren bideari, kapitalismoaren birfundazioa benetan premiazkoa zela erakutsiz.

Arazo handiei denon artean aurre egin behar diegula ziotenek arrazoi, denok atera gara irabazian, greziarrak izan ezik. Orain oso erraza dute aurreko gobernuari egoztea Greziako ekonomiaren datuak faltsutu izana Europako ikasle aurreratu gisa agertzeko (zer dela-eta eskuinaren aurkako erresumin hori?), edo oraingoari, ezkerrekoa izaki, krisia eragin zutenen mesedetan jokatzea. Hala ere, greziarrek -greziar jendailak- beren zabarkeria ordaindu behar dute. Beste batzuek kapitalismoa birfundatzen zuten bitartean, eurak bertan goxo egin eta beren lanpostuetan, edo langabezian, jarraitu zuten lasai ederrean. Edo, are okerrago, kalean protesta eta grebak egiten. Ondorioz, birfundazioak eraso egin zien, merezita egin ere. Eta, hala eta guztiz ere, Europar Batasunak, elkartasun («elkartasun desinteresatua» jartzeko asmoa nuen; izan ere, honetara ezkero ez dakit erredundantzia den) erakustaldi paregabea eginda, erreskatatu egin nahi ditu greziar dohakabeak, eurek nahi edo ez.

Hori da hori, birfundazioa. Beste batzuk nabaritu ere ez dira egiten; esate baterako, espainiar trantsizioa: munduak 30 urte baino gehiago behar izan ditu frankismoaren birfundazioa sumatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo