GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Grezia, agian, ez dago hain urrun

 

Ez dakit Europako gobernuetako politikariek krisiaren benetako garrantziaz guk baino gehiago ote dakiten, baina nabarmena da informazioa ezkutatzeko asmoa dutela, hasieratik horixe egin baitute. Krisia bera ukatzen ziguten. Krisia lehertzen ari zen, baina Rodriguez Zapaterok ez zuen sinetsi nahi, eta ez zuen sinetsi. Orain, makurrena pasa dela errepikatzen du, baina ispiluak ere ez dio kasurik egiten. Patetikoa da, Greziarekiko alderaketak uxatzen dituelarik. Uste du jendea etengabean engainatzen ahal duela?

Ez, Grezia ez dago hain urrun, ezta Greziako eredua ere. Ekonomia puzteko estrategiak nagusitu dira bi estatuetan, Europako eskaileran korrika igotzeari lehentasuna eman diotelarik. Dena itxura. Hazkunde artifiziala, birtuala. Espekulazioa, negozio azkarrak. Epe laburreko ikuspegiak. Aberats berriak. Eta, jakina, iruzur fiskal handia. Errenta handientzako abantailak. Estatua enpresa handien zerbitzura. Obra erraldoiak, etxebizitzen inguruko diru leherketa. Konplexurik gabeko politikariak, beti lan zikina egiteko prest. Mirakuluzko aurrerapenak saltzeko beti prest.

Garai batean Grezia eredugarria zen, haren ekonomia beste batzuk baino gehiago eta bizkorrago hazten ari zelako. Espainiar Estatua bezala. Greziako politikari eta kapitalista ustelak txalotzen zituzten berberek infernura kondenatu nahi dituzte orain. Herri baten ekonomia hondatu dute, izugarrizko jendarte krisia sorrarazi dute, baina inor ez da epaitua izanen. Kale-argi bat apurtzea delitua da, estatu baten ekonomia hondatzea ez. Ez dago ardurarik, ez deliturik, ez ondorio penalik. Gertatu da eta kitto.

Lehentasuna, oraingoan, ekonomia berpiztea da. Nola? Herriak lortutako aurrerapenak txikituz. Salneurriak igotzen, Gizarte Segurantza desegiten, pentsio sistema zulatzen, herritarrek ordaintzen dituzten zergak biderkatuz. Jende xumearen eguneroko bizitza hondatuz. Aberatsek eta beren politikari-morroiek hautsi dute Grezia; pobreek ordainduko dute konponketa.

Oraingoan, Europako estatuen lana Grezia eta Europako aberatsak babestea da, kapitala salbatzeko. Ez diote Greziako jendeari lagundu nahi. Jendea izorratuko duten neurriak jarri dituzte baldintza gisa. Finean, shock doktrina gauzatu eta neoliberalismoaren errezeta gogorrenak baliatu dituzte, krisiari aurre egiteko aitzakiaz. Krisia ez du herriak ekarri, baina berak pairatuko ditu ondorioak.

Nork ziurtatzen du Estatu espainolean ez dela horrelakorik gertatuko? Krisia bera ukatzen zuen Zapaterok? Krisiaren ardura ere baduen PPk? Ekonomia amildegira eraman duten adituek? Kapitalismoaren benetako aurpegia ikusten delarik kapitalismoa birsortu edota egokitu behar dela dioten horiek?

Espainiar nazionalismoaren handikeria ekonomikoaren fikzioa erortzen ari da. Non dago orain planetako lehen ekonomien artean lekua eskatzen zuen Espainia harro hura? Aholkulari kapitalistek ere esaten dute euskal lurraldeek hobe zutela gainbehera doan Espainiarekiko menpekotasuna gainditzea. Greziako gertaerak edo antzekoak emanez gero, nork izan nahiko du espainiar?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo