GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Euskaldunak bagarela» Iruñean adieraztera deitu du Nafarroako eragile ugarik

Kontseiluak hurrengo larunbaterako Iruñean deitu duen manifestazioaren oihartzuna biderkatzen ari da. Aurrekoan 1.500 atxikimendu aurkeztu bazituen, dagoeneko 3.000 baino gehiago ditu bilduak. Hainbat sindikatuk, elkartek eta peñek bultzada eman diote ekimenari.

p017_f02.jpg

R.S. |

Sei sindikatu, milaka lagun biltzen dituzten hainbat gizarte elkarte eta Iruñeko zenbait peña, besteak beste, batera agertu ziren atzo euskararen alde. Zehazki, hurrengo larunbatean Nafarroako hiriburuan jende andana bildu nahi duen manifestazioari bultzada emateko. Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak laburbildu zuenez, helburu garbi batekin aterako dira kalera: «Nafarroako Gobernuak desagerrarazi egin nahi du euskara, baina euskaldunak bagarela, existitzen garela, irudikatu behar dugu».

Garbi dute Nafarroako gizartearen gehiengoak ez duela Miguel Sanzen gobernuaren jokabidearekin bat egiten, eta aspaldiko partez agertzen ez zen irudi indartsuaz karriketan erakutsi nahi dute hori. Oraingoz, bistan da aldarrikapena biderkatzen ari dela egunez egun. Joan den astean norbanakoen 1.600 atxikimendu aurkeztu zituzten, eta dagoeneko 3.000 inguru dira pilatutakoak eta oraindik biltzen ari da jendea.

Atzoko agerraldiak gizarte kolektiboen atxikimenduak erakusteko helburua zuen. Manifestazioarekin bat egin dute ELA, LAB, ESK, Hiru, STEE-EILAS eta EHNE sindikatuek, eta gazte mugimendu, Iruñeko Gazte Asanblada, AHT Gelditu! Elkarlana, Lokarri, Gora Iruñea!, Askapena, Sasoia, Bilgune Feminista, SOS-Arrazakeria, Euskal Dantzarien Biltzarra, Zulo Alai elkartea eta hainbat peñak... Ikusten denez, jende asko barnebiltzen dituzten taldeak.

«Indar erakustaldia»

Guztien izenean mintzatuz, Itziar Urrak barruko aniztasun hori nabarmendu zuen: «Gizarteko esparru ezberdinetan lan egiten dugun lagunak bildu gara: sindikalgintza arlokoak, eskubideen arlokoak, peñatakoak, gizarte eredu berri baten alde lan egiten dugunak, gazte mugimendukoak, mugimendu feministakoak, euskal kulturaren arlokoak... Gure eguneroko lanak gizarte hobea bultzatzea du ezaugarri. Eta badugu beste ezaugarri komun bat: euskara».

«Gertatzen ari diren eraso larrien aurrean ez dugu geldirik egoteko asmorik -adierazi dute talde hauek guztiek-. Indar erakustaldi handi bat egiteko unea dela uste dugu. Baina ez hori bakarrik, gutariko bakoitzak badugula zer egin ere agertu nahi dugu», gaineratu zuen Itziar Urrak, begirada maiatzaren 15eko manifestazio honetaz harantzago ere pausatuz.

hitzordua

Manifestazioa Golem zinemetatik abiatuko da, 18.00etan, hurrengo larunbatean, hilak 15. Norbanakoen atxikimenduak biltzen ari dira Interneteko helbide honetan: «www.blogak.com/ maiatzak15»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo