GARA > Idatzia > Euskal Herria

Sekula baino ozenago, bihar Herri Urratsera joateko deia

«Euskara mihian eta irria begian» lelopean, bihar Herri Urrats ospatuko da Senpereko aintziraren inguruan. Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako ikastolen festako antolatzaileek aurten «sekula baino gehiago» euskaltzaleen laguntza behar dutela nabarmendu dute. Diru laguntzen murrizketaren hutsunea gizartearen parte hartzeak betetzea espero dute.
p019_f02_194x120.jpg

Idoia ERASO |

Bihar Herri Urrats, Seaska federazioko ikastolen besta ospatuko da Senperen. Ipar Euskal Herriko ikastolen arduradunek gizartearen laguntza beharrezkoa dela nabarmendu dute, eta horregatik bertaratzeko deia egin diete euskaltzaleei.

«Sekula baino gehiago denen sostengua behar dugu», erran dute Seaskako ordezkariek. Eusko Jaurlaritzak Iparraldeko ikastolei ematen dien laguntza txikitu du, eta euskarazko hezkuntza azken urteotan izaten ari den hazkundeari aurre egiteko baliabide ekonomikoak nahitaezkoak dituzte. Urtero 70.000 pertsona inguru elkartzen dira Senperen ikastolei sostengua emanez, eta aurten ere elkartasun hori jasotzea espero dute.

"Euskara mihian eta irria begian" leloa izango du aurtengo Herri Urratsek. Euskara eta irria biak entzungai izango dira Senpereko aintziraren inguruan, horretarako lan eskerga egin dute-eta Herri Urrats elkarteko kideek, ikastoletako gurasoek, Senpereko Herriko Etxeko langileek eta beste hainbat lagunek.

Lan handia eta ez nolanahi egina, Senpereko Euskara zinegotzi Dominique Idiartek azaldu bezala: «Orain ez da arras berdina duela 20 urtekoarekin konparatuta, muntaketaren aldetik ez zen hain profesionala, orain dena aldatu da; pittaka-pittaka kalitateari buruz egin da bai oihal-etxe, bai segurtasunaren aldetik, baita kalitatearen aldetik ere».

Taloak, musika eta besta

Behar ekonomikoei erantzuteko ekimena izanik ere, Herri Urrats besta da, eta euskaltzaleek ongi pasatzeko ekitaldi anitz eta askotarikoak antolatu dituzte. Aurtengo berritasunetako bat, Katalunia aldetik inguratutako Castelets delakoak, hau da, giza dorrea nola osatzen duten zuzenean ikusteko parada. Dorrea osatzeko Aire Nou de Dao herritik 180 lagun bertaratuko dira. Gune berean Okzitania eta Biarnoko taldeak ere arituko dira egunean zehar.

Urtero legez musikak ere toki garrantzitsua beteko du eguneko egitarauan. Besteak beste, Jean-Mixel Bedaxagar, Sorotan Babies, Mikel Hats, Zea Mays, Anari eta Bizardunak musikariek berotuko dute giroa.

Bio-kontsumorako parada ere izango da, Araba eremuan eskainiriko produktu guztiak nekazaritza ekologikoaren bitartez lortutakoak izango baitira.

Senpere eta Herri Urrats

Idiartek azken 20 urteotako elkarlanaren emaitza onak nabarmendu zituen: «Senperek anitz eman dio Herri Urratsi baimena emanez, baina Herri Urratsek anitz ekarri dio Senpereri. Gure herria duela 20 urte ezaguna zen beste herri bat bezala, baina orain Senpere aipatzen dugularik beti lotura egiten da Herri Urratsekin».

200 ikasle gehiago

Urtetik urtera 200 ikasle berri gehiago sartzen dira Seaskaren sarean eta heldu den ikasturterako %9 emendatzea aurreikusi dute. Horrek, baina, diru laguntzen murrizketa dela-eta, egoera zailean jarri ditu Ipar Euskal Herriko ikastolak.

Euskarak Senperen izan duen bilakabidea

Senperek herri euskalduna izaten segitzen du nahiz eta azken hogei urteotan biztanleria ia bikoiztu egin den, 3.000 izatetik 5.500 bizilagun baititu gaur egun. Herriko Euskara zinegotzi Dominique Idiartek honela azaldu zuen egoeraren bilakabidea: «Duela 20-30 urte herriko familia gehienak eskualdunak ziren, gero jende anitz sartu da Frantziatik eta biztanleria emendatu da, baina ohartzen gara etorri diren jendeen gehienek badutela errespetua gure hizkuntzari buruz».

Familia bidezko transmisioa anitz txikitu bada ere, eskolaren bitartez ematen den euskararen ikaskuntzak ausarki egin du gora. Gaur egun Senpereko lau hezkuntza zentroetan ikasten duten Lehen Hezkuntzako ikasleen %55 baino gehiagok euskaraz edo eredu elebidunean ikasten dute.

Herriko Etxeak 2003an Euskal Konfederazioarekin hitzarmena sinatu zuen administrazioan euskararen presentzia hobetzeko. «Mugak ditugu orain, administrazioan zailtasunak, euskara ez baita ofiziala», gaineratu zuen Dominique Idiartek. Bestalde, duela lau urte lantegi eta saltegien %80k Bai Euskarari ziurtagiria sinatu zuten.

GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo