GARA > Idatzia > Kirolak> Eskubaloia

ABF Liga

Atzerako kontaketa hasita, irabaztea nahitaezkoa da

Itxakok puntuak lortu behar ditu Santanderren, lidergoari eusteko azken jardunaldiari begira. Bera Berak bosgarren postua izango du jokoan, Leonen.

Amaia U. LASAGABASTER

ABF Liga amaitzear dago, baina oraindik ez dago ezer erabakita. Atzerako kontaketa hasi da, eta garaipenak nahitaezkoak dituzte Itxakok eta Bera Berak.

Nafarren kasuan, lidergoa defendatzeko. Beraien aurkari nagusiak ez zuen huts egin asteartean -partida aurreratu zuten, bihar EHFko finala jokatuko baitute-, Gijon menderatuz. Eldak Itxako harrapatu du, beraz, eta Ambros Martinen taldeak berriz abantaila hartu nahi badu, bere ibilbidea mantendu beharko du, Santanderren, mailan eusteko borrokan dabilen Marina Park gaindituz (18.30).

Finaltzat har daiteke Akabak Leonen (20.00) jokatuko duen neurketa ere. Europarako aukerak daude jokoan, eta Cleba da, izan ere, donostiarren aurkari nagusia borroka horretan. Bera Berak garaipena behar du Gaztelakoekin berdintzeko. Puntuak ez dira nahikoak izango, baina, bosgarren postura igotzeko. Lehen itzulian 23-28 emaitzaz amaitu zuen Bidebietan jokatutako partida eta, beraz, bost goleko gutxieneko abantailarekin amaitu beharko du talde gipuzkoarrak, gol aldea berari komeni zaion bezala uzteko.

Asobal

Asobali dagokionez, oso egoera desberdinetan ekingo diote San Antoniok eta Arratek azkenaurreko jardunaldiari. Logroñon galdu izan arren, Europan sartzeko aukeraren bat badute nafarrek. Horretarako, baina, nahitaezkoa dute borroka horretan dabilen CAI Aragon menderatzea. Lesioek izugarri murriztu dute Chechu Villaldearen taldea eta nolabaiteko kontrapisua egiteko, zaleen bultzakada sentitzea nahi dute zuri-urdinek.

Helburu horrekin, gaur Universitariora (18.30) doazen abonatuek, baita sarrera erosi dutenek ere, lagun bat eramateko aukera izango dute, dohainik.

Askoz lasaiago bizi da Arrate. Asteartean maila bermatuta utzi ondoren, eibartarrek denboraldiko azken partida jokatuko dute Ipuruan (18.00), Valladoliden aurka. Beren asmo nagusia, zaleak gozaraztea. Badirudi, bestetik, Julian Ruizek Arraten jarraituko duela, entrenatzaileak berak aitortu duenez.

mra navarra 0

INTER MOVISTAR 0

mra navarra

0

INTER MOVISTAR

0

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo