GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Olasagastik eta Senosiainek azken aukera izango dute

Gaur eguerdian, 12.00etatik aurrera Urduñan jokatuko dituzten neurketak galtzen badituzte, lehiaketatik at geratuko dira Igeldokoa eta Olaguekoa.

p045_f01.jpg

Jon LEUNDA

Joxemari Olasagastik eta Antonio Senosiainek azkeneko aukera izango dute Urrezko Aizkoran aurrera egiteko. Biek gaur dituzten norgehiagokak galtzen badituzte, beraientzako hor amaituko da aurtengo jardunaldian egitekoa. Irabaziko balute, azkeneko jardunaldian gertatzen denaren zain egon beharko dute.

Urduñan, 12.00etatik aurrera jokatuko dute gaur. Olasagastik Arrospide izango du aurrean, eta Olaguekoak, berriz, Juanjo Lopez. Lehen jardunaldian Olasagastik galdu egin zuen Nazabalen aurka, eta Senosiainek, berriz, gauza bera egin zuen Larretxearen aurka.

Ondorioz, biek garaipena behar dute. Olasagastik ez du erraza izango Arrospide mendean hartzea, baina horretarako gai ere bada, eta lehia estua iragartzen da. Leaburukoa ongi dago, eta lan klase hauek oso egokiak dira berarentzat, baina Olasagasti Lazkaon erakutsitakoa baino dezentez gehiago ere bada; beraz, bien artean borroka ederra izan daiteke. Olasagastik galtzen badu, akabo multzo hau, ez baita hirugarren saiorik jokatuko. Nazabal eta Arrospide puntu batekin geratuko lirateke, eta bien denborak hartuko lirateke kontuan sailkapena egiteko garaian, Olasagasti kanpoan geratuko bailitzateke.

Igeldoarrak irabaziko balu, Etxarrikoak eta Leaburukoak hirugarren jardunaldia ere jokatu beharko lukete, eta orduan erabakiko litzateke auzia.

Beste multzoan ere gauzak egoera berean daude. Hemen, ordea, Lopez da faborito garbia, eta badirudi zaila izango duela Senosiainek bera menderatzea. Gainerakoan, egoera bera da. Gaur Lezaungoak irabaziko balu, puntu batekin geratuko lirateke bera eta Larretxea, eta bien denborak hartuko lirateke sailkapena egiteko garaian. Senosiainek irabaziko balu, berriz, azkeneko jardunaldia ere jokatu egin beharko lukete, eta orduan erabakiko litzateke auzia, izan ere finalerdietan multzo bateko lehenengoa bigarrengoaren bigarrenaren aurka neurtuko da, eta alderantziz. Aizkolariek lan azkarrak eta laburrak egin beharko dituzte, iraupen probarekin amaitzeko.

Paskualtxori omenaldia

Paskualtxori omenaldia eskainiko die ekainaren 6an Zizurkilen, eta bertan herri kirol eta trikiti jaialdi erraldoia ari dira antolatzen. Horretaz gain, ordea, bazkaria ere izango da pilotalekuan, eta txartelak salgai jarri dituzte. 35 euroan egongo dira txartel horiek salgai, eta 8 euroan 14 urtetik beherakoentzat. Azpeitian Mendizabal jatetxean, Tolosan Kantabriko tabernan, Zizurkilen Iriarte tabernan, Aian Joanene tabernan, eta Asteasun Iturriondo jatetxean jadanik erosteko parada izango dute nahi duten guztiek.

Hasieratik Erasunen alde aterako da dirua, Zalduaren aurkako apustuan

Ander Erasun eta Xabier Zaldua bihar eguerdian, 12.00etatik aurrera, neurtuko dira Azpeitiko zezen-plazan. Kirolari bakoitzak hamar kana-erdiko erdibitu beharko ditu, eta ondoren hamar kilometro korrika egin. Alde bakoitzak 3.000 euro jokatzen ditu dirutan, eta enborrak erdibana plazaratuko dituzte.

Hasieran dirua Erasunen alde aterako da. Hori da une honetan dabilen joera, baina aldatu ere egin liteke gero, behin norgehiagoka zertan den ikusita. Bientzat da estreinako apustua. Erasunek 20 urte ditu, eta 32 Zalduak. Hala ere, nafarrak urte gehiago daramatza aizkoran, baina gipuzkoarra korrika hobea ez ote den errezeloa dago.

J.L.

Aukera bakarra

Olasagastik eta Senosiainek galdu egin zuten lehen jardunaldian, eta gaur emaitza errepikatzen badute matematikoki kanpoan geratuko dira. Irabazita, azkeneko jardunaldira bitarte itxaron beharko dute.

geratzen dena

Arrospidek eta Lopezek gaur irabaziko balute, jadanik finalerdietan izango lirateke, eta sailkapena egiteko, beraien denborak Nazabalenarekin eta Larretxearenarekin alderatu beharko lirateke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo