GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA Pello Mari Otañoren heriotzaren mendeurrena

Intxaurrondotik onbura, ehun urteren buruan egindako bidaia

Atzo, maiatzak 7, bete zen Pello Mari Otaño bertsolari zizurkildarraren heriotzaren lehenengo mendeurrena. Argentinan zendu bazen ere, jaioterrian bata bestearen atzetik aurreikusi diren omenaldiak gauzatzen ari dira. Azkena, atzo gauean izan zen, Otaño Zizurkilgo seme kuttun izendatzearekin batera.

p047_f01_199x96.jpg

Ariane KAMIO

Beren aitonaren heriotzaren lehenengo mendeurrenean bisitatu zuten haren jaioterria Pello Mari Otañoren bi bilobek: Susana Ardanaz Otaño Txurik («yo soy Txuri con `ch'», esaten zuen) eta Amelia Otañok. Lagun talde batekin etorriak eta Zizurkilgo Udalak gonbidatuta, datorren astelehenera arte, hilak 16, Euskal Herriko paisaiaz «txundituta» jarraitzeko asmoa dute, aitonarengandik gertuago sentitzen dira-eta.

Pello Mari Otaño 1910ean zendu zen, eta ez Txurik, ez Ameliak ez zuten ezagutu, nahiz eta zizurkildar bertsolariaren ondareak bizirik jarraitu duen Argentina aldeko sendiaren artean. «Era un hombre guapísimo», esaten zuten atzo arratsaldean, aitonaren heriotzaren mendeurrenean, Zizurkilgo jatetxe batean kafeari tragoa ematen zioten bitartean.

Beren izeba Teresa izan zen Otañoren bizimoduaren berri eman ziena, eta euskal kulturaren zentzua eurengan txertatu zuena. «Gure aitona aitzindari izan zen Argentinan euskarazko klaseak ematen; lehenengo euskara irakaslea izan zen», nabarmendu zuten Argentinatik eta Mexikotik etorritako bi lehengusinek. Bien izeba Teresak ere bide bera jarraitu zuen urte batzuk geroago eta familia osoari euskarazko klaseak ematen jardun zuen Txuri eta Amelia txikiak zirela.

Denborarekin, ordea, jardun hark etenaldia izan zuen, nahiz eta etorkizunak eta euskarak berak toki berera eraman zituen; Zizurkilera, hain zuzen, Pello Mari Otañoren jaioterrira. Zizurkilgo Udalak herriko seme kutun izendatu zuen atzo Otaño. Herriko jende ugari bildu zen udaletxeko areto nagusian, kasik ez zen lekurik geratzen argazkilari eta kazetariek beren lana egin zezaten. Ekitaldian, Pello Esnalek hartu zuen hitza eta Otañoren bizitza, bertsoak eta sentipenak ekarri zituen gogora. «Tristura dario bertsoari, baita esperantza ere», nabarmendu zuen.

Izan ere, Otaño gizon «ameslaria» zela berretsi zuten Ameriketatik Euskal Herrira 30 orduko bidaiaren ondoren etorritako bi senitartekoek. Hala, Otañok Zizurkilgo Errekalde baserri parean zeukan intxaurrondoaren eta Argentinan zuen onbuaren (bertako zuhaitz autoktonoa) artean egindako alderaketa ekarri zuten gogora. «Bidaia» horri erreferentzia eginez, zera esan zuten: «Hunkigarria da ikustea gure aitona zenbat maite duten bere jaioterrian eta zeinen ongi hitz egiten duten berari buruz».

Nabarmendu zutenez, «familian oroitzapenen sugarra bizirik mantentzen zuen senidea hilda dago», Beltxa lehengusinari erreferentzia eginez, «baina nire alabak -nabarmendu zuen Ameliak- interes handia dauka aitonaren ondarean eta berarengan itxaropen handia dugu».

Pello Mari Otañok, Argentinako lurretan egonik ere, herrimina eta abertzaletasuna bizirik mantendu zituen bere urruntasunean. Bere nahia Euskal Herrian hilobiratua izatea bazen ere, azkenean La Platan lurperatu zuten 1910ean.

Zizurkil herrian antolatu dituzten ekitaldiez gain (bihar mendi irteera bat egingo dute, Zizurkilen Otañorekin lotura duten leku guztietara, bertso saio berezia izango da Anjel Mari Peñagarikanok eta Xabier Amurizak zuzenduta, hitzaldia emango dute Pello Esnalek eta Xabier Euzkitzek), Argentinan ere segida izango dute ospakizunek. Ekainaren 18an, hain zuzen, La Platan omenaldia eskainiko diote bertan bizi diren senitarteko eta euskaltzaleek bere hilobiaren aurrean eta, egun osoan zehar, hitzaldiak eta beste hainbat ekimen aurrera eramango dituzte zizurkildar bertsolaria bere heriotzaren mendeurrenean omentzeko.

«Euskara bizi bada, Otañoren bertsoak ere biziko dira. Eta hauek arnasarik badute, gure hizkuntzak ere izango du», idatzi zuen Aita Zavalak 1998an. Euskarak jarraipenik izan badu, bere bertsoek are gehiago, eta aurrerantzean ere izan dezatela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo