Inoiz baino ireki eta parte hartzaileago, iritsi da arabako bertsolari finala
Arabako kuadrilla arteko lehenengo bertso txapelketan finala ospatzeko ordua heldu da. Ideia berri batekin jarri zuten lehiaketa abian: parte-hartzea zabaltzeko asmoz taldeak aritu dira norgehiagokan. Kakiturri-Ehari eta Aramaiokoak izango dira gaurko saioan. Finalaz gain, txapelketa osoan izan den giroa nagusituko da gaur Gasteizen, triki-poteoa, bazkaria eta bertso jarriekin.
Itziar AMESTOY
Aurtengo Arabako txapelketak eragindako giroa eta erantzuna ez dira batere ohikoak izan. Helburu berriak lortzeko asmoz, formatu guztiz berritzailearekin ekin zioten txapelketari, eta izaera horri eutsiz iritsi da gaur finala jokatzeko eguna. Otsailean abian jarri zenetik, xede nagusia parte-hartzea zabaltzea izan da, baita ondo lortu ere. Gauzak horrela, kuadrillen arteko lehenengo bertso txapelketak Arabako bertsozaletasuna astindu duela esan daiteke.
Asier Lafuente aritu da koordinatzaile lanetan, eta azaldu duenaren arabera, helburua parte-hartzea zabaltzea izan da. Bertsozale elkartetik hausnartu zuten azkeneko zortzi urteetan bertsolari berriengan muga bat sortzen zela txapelketara animatzeko orduan. «Muga hori apurtzeko, taldeka parte hartzea bultzatu genuen». Ondorioz, bertsolari eta entzuleen arteko aldea ere hautsi nahi zuten. Hori gauzatzeko, talde osoak planteatu zituzten, bertsotan arituko zirenez gain, gai-jartzaileak, epaileak, grabatzaileak, argazkilariak, kronika egileak, trikitilariak eta sukaldariak ere barne hartzen zituztenak. 15-20 laguneko bederatzi talde osatu ziren guztira herrialdean, tartean 42 bertsolari zituztenak. Horietatik, Ehari-Kakiturri eta Aramaiokoak arituko dira gaur arratsaldean nor baino nor.
Talde bakoitzak bere saioa antolatu behar izan du, guztien arteko elkarlana eraginez. Aramaioko taldeko partaide Manex Agirrek horrela laburtu du: «Betiko txapelketa tradizionalaren formatua apurtu da. Oholtzatik behera jaitsi gara jendearen artean nahastuz». Asier Lafuentek, gainera, lan honek izan ahal dituen ondorioetan jarri du arreta. «Talde hauek behin lan hau egin dutela, bigarren saio bat antolatzeko bidea eginda dute». Hortaz, txapelketak iraun duen bitartean sortutako giroaz harago doaz antolakuntza mota honek izan ahal dituen eraginak.
Txapelketan faseak nola joan diren ikusita bertsozaleen artean formatua onartu izan dela ikusi daiteke, baina bertsolariengan ere bere ondorioak ditu. Manex Agirrek azaldu duenaren arabera, Aramaioko taldean hasiera kostatu izan bazitzaien ere, «azkar ohitu» dira. Kakiturri-Ehariko partaidea den Felipe Zelaietak bi alde dituen sentimendua eragin duela azaldu du: «Alde batetik, taldean sentitzen zara, lasaiago, erosoago eta babestuago zaude; baina, bestalde, taldeari huts egiteko arriskua dago».
Taldean joateak erosotasuna eskaintzen duen arren, bi taldeetako bertsolariek urduritasuna onartu dute gaurko egunari begira. Manexek badu eskarmentua finaletan; hala ere aurtengoa guztiz berria egingo zaiola dio. Hortaz, «ilusioz eta gogotsu» dago gauza berri bat frogatzeko baina, hala ere artega dagoela esan du. «Beste mota bat da; ez zoaz bakarrik, urduritasun konpartitua da». Felipek bere aldetik, lasaitasuna aurkitzen du beste taldea ere urduri egongo dela pentsatuz.
Gaurko eguna, ordea, saioa gainditzen duen ospakizun bat izango da. Txapelketa guztian zehar izan duten giroa berriz bizitzeko, egun osoko egitaraua antolatu dute. 12.00etan ekingo diote triki-poteoari, Hala Bedi tabernan. Landatxo gunean izango da, ostean, herri bazkaria. Antolakuntzakoek azaldu dute bazkarirako txartelak agortu direla, hala ere, saioa ikustekoak bertan izango dira salgai. Finala, zehazki, 17.30ean hasiko da gune horretan. Festa giroa izango da, hortaz, gaurko egunean Gasteizko Alde Zaharrean. «Txapelketa batek festa kutsua daukala esatekotan, honek daukala esan behar», esan du Manexek. Arabako txokoetatik zabaldu dira bertsoak azken hiru hilabetetan, gaurkoan hiriburuan ere txapelketa parte-hartzaile honetaz goxatzeko aukera izango da.
Lekua: Gasteizko Landatxo Kantxan (Alde Zaharrean).
Ordua: 17.30ean.
Bertsolariak: Aramaio taldean, Andere Arriolabengoa, Manex Agirre, Iker Agirre eta Xabi Igoa. Kakiturri-Ehari taldean, Juan Mari Juaristi, Asier Otamendi, Ricardo Gonzalez de Durana, Felipe Zelaieta eta Gaizka Urtaran.