«TeleATOI: kalabaza haluzinogenoak» komiki liburua kalean da, Ikastolen Elkartearen eskutik
J. LARRAÑAGA | DONOSTIA
Dani Fano (Donostia, 1968) komikigile gipuzkoarrak «Ardi Beltza», «Kale Gorria», «Ipurbeltz» eta «Xabiroi» komunikabide idatzietan kolaborazioak egin izan ditu eta egiten ditu. Hain justu, azken horren koordinatzaile eta sustatzaileetako bat da. Bertan, lehendabiziko lan luzea argitaratu du: «TeleATOI: Kalabaza Haluzinogenoak» izenburuarekin. Atzo aurkeztu zuten Elkar-en, Donostian.
Aurkezpenean patata izan zen osagai eta elementu nagusia; izan ere, patata da istorioaren gakoa. XXII. mendeko espazio urrun batean kokatzen da kontakizuna. Espazi-ontziek unibertsoa zeharkatzeko erabiltzen duten erregaia patataren fusio hotzetik lortzen da. Baina «Ezzon Oil» hidrokarburo enpresako mertzenario talde batek sabotajea egin nahi dio Arabar Patatum konpainiari, unibertsoko patata ekoizle handienari. Horixe istorioaren abiapuntu xelebrea.
Umorea, fikzioa eta akzioa
2005en hasi zen bidaia. Orduan hasi zen Fano «Xabiroi» komiki aldizkarian lanean, Ikastolen Elkartearen eskutik. Orain liburua kaleratzeko aukera eman izana eskertu nahi izan zuen: «Ikastolen Elkarteak komikigintzaren alde egindako apustua eskertzekoa da, zinez», adierazi zuen atzo egile donostiarrak, lan honetako gidoiaren eta irudien egileak.
Zientzia-fikzioaren maitale sutsua da Fano. Beraren ustez, genero honek primerako aukera ematen du etorkizunaz jarduteko. Zientzia-fikzioa ez da, ordea, istorioaren osagai bakarra, Fanok trebeki nahastu baititu lan honetan fikzioa, umorea eta akzioa. «Irakurleari irribarreren bat edo beste aterako zaio, seguru. Egiten gozatu dudan beste gozatu dezala jendeak irakurtzen, horixe da nahi dudana», gaineratu zuen Fanok.