GARA > Idatzia > Kultura

Gazte baten ibili gazi-gozoak dakartza Lander Garrok «Kontrarioa» bere lehen nobelan

Lander Garro bueltan da literaturaren plazara «Kontrarioa» (Susa) nobelarekin. Egunerokotasun grisean kateatutako gazte galtzaile baten nondik norakoak kontatzen ditu bertan, umorez zipriztindurik.

p51_f02_97x96.jpg

J. LARRAÑAGA | DONOSTIA

2004an «Orain galdera berriak ditut» narrazio liburua kaleratu zuen Lander Garrok (Errenteria, 1975). «Kontrarioa» da, ordea, bere estreinako lana nobelagintzan. Atzo aurkeztu zuten liburua Donostiako Udal Liburutegian Garrok berak eta Susa argitaletxeko arduradunek.

Idazleak ez du urrutira joan behar izan bere istorioa kokatzeko orduan. Errenteriako Pontika auzoan, Garro bera jaio zen auzoan, girotu baitu nobela. Gune horretan bizi da Raul Oliveira protagonista. Egunak xakean jokatzen eta edaten pasatzen ditu Oskar bere lagunaren konpainian. Idazle izatea du amets, ez du lanik, amarekin bizi da eta amodio kontuetan ez dabil batere fin. Bizimodu malapartatu honi amaiera eman beharrean da, nola edo hala. Bat-batean, Gabriela ezagutuko du, Jose Zarate margolariaren emaztea, Oliveiraren bizitzari kolorea emateko arduraduna.

Bizimodu petralaren isla

Auzo proletario batean bizi dira Raul eta Oskar, patu txar bati lotutako gune batean. Beste aldean dute hirigunea, zentroa, esperantzarako tokia. Bi munduren artean daude, hanka bat han eta bestea hemen. Testuinguru beltz honetan xakea dute ihesbide bakarra, munduaz ahazteko eta denbora-pasarako aukera bakarra. Horretan emango dituzte orduak eta orduak, errealitatetik ihesi.

Istorio gazi-gozo horietako bat dugu «Kontrarioa». Kontrastez josirik, samurtasuna eta mingostasuna tartekatzen dituena. Irakurleari pena eta barrea, biak sorraraziko dizkio. Galtzaile baten ibili piperrak kontatzen ditu nobelak. Garroren hitzetan, «errutinan iltzatutako gizarte baten isla da `Kontrarioa', baina umore eta ironia ukituarekin kontatua. Gizartean bere lekua aurkitu ezinik dabilen mutil baten abenturak dira istorioaren oinarria. Ni neu baino gehiago protagonista bera izan da istorioaren gidaria», adierazi zuen Garrok.

«Kontrarioa» nobelarekin, Pontika auzoari eta etorkinei omenaldia egin nahi izan die Garrok. Gainera, etorkizunean ere protagonista honen istorioekin jarraitzeko gogoa duela jakinarazi zuen errenteriarrak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo