GARA > Idatzia > Kultura

Anari, Lujanbio, Andu eta Lipus, Azken Portuko III. literatura astean

GARA | ZARAUTZ

Zarauzko Azken Portu auzoko Komisiyua jai batzordeak literatura astea antolatu du hirugarren urtez. Datorren astelehenetik ostegunera, iluntzeko zortzietan hasita, hainbat hitzaldi egingo dituzte auzoko kristau biltoki zaharrean.

Horrela, astelehenean, maiatzak 10, Anari kantari azkoitiarra izango da «bere kantuen gainean eta azpian dagoena azalduz», esan zuten antolatzaileek. Bertan, kantuak jo eta azaldu egingo ditu. Asteartean, Maialen Lujanbiok, egungo Euskal Herriko txapeldunak, bertsoaren lantegia erakutsiko du, eta bertsolariak bertso bat egiteko izaten dituen erreferentzia eta baliabideez arituko da.

Anjel Lertxundi Anduren txanda izango da asteazkenean. Oriotarrak, hitzetik irudietarako jauzia eginez, zinemarekin izan duen esperientzia kontatuko du. Liburutik zinemarako moldaketak nola egiten diren edo baterako edo besterako idaztean zein desberdintasun dauden azalduko du.

Bukatzeko, ostegunean, Ander Lipusek, Antzerkiola Imaginarioko kideak pertsonatik pertsonaiarako igarobideaz hitz egingo du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo