Josebe EGIA
Osasun eskubideaz harago
Save the Children Gobernuz Kanpoko Erakundearen arabera, ama izateko herrialderik onena Norvegia da, eta okerrena, aldiz, Afganistan. Lehenengoari jarraitzen diotenak, jakina, ez dira Afrika edo Asiakoak, baizik eta Europakoak, gehienak Europa mendebaldekoak.
Zerrendako azken postuetan, esaterako, Etiopia dago. Egoerari buruzko irudi bat izate aldera, alderatze ugari jasotzen dituen txostena egin dute. Hona horietako bat: Etiopian jaiotzen %6 baino ez daude osasun-langileek lagunduta, eta, Norvegian, aldiz, jaiotze guzti-guztiak. Ondorioz, amaren zein haurraren bizirauteko aukerak oso ezberdinak dira batean eta bestean; osasunaren eta osasun-arloa existitu dadin nahitaezkoak diren giza baliabide eta materialen ikuspuntutik, bi herrialdeek inolako zerikusirik ez duten bezala edozein ikuspegitik begiratuta ere.
Txosteneko zerrendari erreparatuta, ez zait iruditzen inor harrituko denik. Lehen postuetan herrialde aberatsak daude, inolako gerrarik gabe bizi direnak, oinarrizko giza eskubideak aspalditxo dituztenak bermatuta, herritar ororen parte-hartzea kulturaren baitan errotuta duten herriak. Leku horietan emakume eta gizonen arteko berdintasuna ez da kimera hutsa, nahiz eta zer aurreratu badagoen.
Izan ere, ama izateko herrialderik onena edo okerrena izatea guztiz lotuta dago herrialde horrek bertako emakumeei aitortzen dien estatusarekin, eta, ondorioz, esparru guztietan eskaintzen dien garrantzi eta babesarekin. Aldea baitago biztanleria handitzeko ontzitzat besterik ez jotzea ala eskubide osoak dituen pertsonatzat, edo, are gehiago, pertsonatzat. Ez baita gauza bera erabateko menderatzea jasanda bizitzea, gizonen objektu bezala haien erabakiei men egin behar izanda, eta norberaren erabakien arabera egitea. Azken finean, emakumeak funtsezko balorazio horretatik egin behar baitu aurrera, hortik baitatorkio bere buruaren garapenerako agertokia. Amatasuna aspektu bat baino ez da, eta lehen unetik osasuntsu eta berme guztiekin garatu ahal izatea esanguratsua da emakumeak bertako jendartean zein paper duen ulertzeko ez ezik, herrialdearen osasun-maila orokorra -ekonomikoki eta sozialki, alegia- ikusteko ere.
Beraz, Afganistan izatea ama izateko herrialderik txarrena ez da harritzekoa, ezagutzen dugulako herrialde horretako emakumeen problematika, baita interes ekonomikoek bertan eragindako egoera politikoa ere. Afrika osoa pobrezian murgilduta, sarraskiz josita eta hiesak zeharo jota egoteak, gutxieneko eskubideei eutsi ezinik, gehienbat Mendebaldearen esplotazioari esker, garbi adierazi beharko liguke txostenean jasotzen den herrialde kaltetuenen osasun-langileak gehitu eta trebatzeko premia larriaz harago, ezinbestekoa dela beste hainbat aspektu eraikitzen hastea, oinarrian emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasunaren bermea izango duten neurrien bitartez, herrialde bat, oro har, denontzat bizitzeko duina izan dadin. Pertsonen osasun-eskubidea ziurtatzeari bezainbesteko balioa eta bultzada emanda norberaren bizitza nahierara urratzeari.