GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Kirol eskalada Emakumeak

Bistaz 8b+ zailtasuneko bide bat igotzen hirugarrena, Maja Vidmar

Eskalatzaile esloveniarrak agerraldi bikaina egin du Olianan. Lleidako eskolako «Humildes pa´casa» bidea bistaz eskalatu du. Estilo horretan 8b+ bat sinatzen duen hirugarren emakumea bilakatu da; aurretik, Josune Bereziartuk eta Charlotte Durifek lortu zuten.

p045_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Josune Bereziartuk oso goian jarri zuen muga. Hala, gainontzeko emakumeak zailtasun handiak izaten ari dira gipuzkoarraren parera iristeko. Ez da harritzekoa, gizonen mailara heltzeaz gain, Bereziartuk bereak eta bi egin baitzituen bai bistaz eginiko jardueretan bai aldez aurretik sinatutako bideak kateatzerakoan.

Hala ere, urteen poderioz, Bereziarturen ondorengoek aldea murriztea erdietsi dute. Kosta egin da, baina nazioartean badira egun oso maila altua duten emakumeak. Bistaz sinatutako eskaladetan, adibidez, berri bikaina iritsi da Olianatik. Izan ere, goraldi handia izaten ari den eskalada eskola horretan, «Humildes pa´casa» bidea (8b+) poltsikoratu berri du Maja Vidmar esloveniarrak bistaz.

Horrela bada, munduan estilo horretan 8b+ zailtasuneko bide bat sinatzen duen hirugarren emakumea bilakatu da. Lehena, Bereziartu izan zen «Hidrofobia» (Montsant) marrarekin, eta jarraian Charlotte Durifek lortu zuen. Gogora dezagun frantziarra dela 8a zailtasunetik gorako bide gehien bistaz egindako emakumezkoa. Orain, esan dugun bezala, esloveniarra iritsi da gradu goren horretara.

Agian, bat baino gehiago harritu egingo zen Vidmar plafoian aritu ordez arrokan eskalatzen izan dela entzutearekin. Bada bai, egungo lehiakide gogorrenetarikoak entrenamenduak alde batera utzi eta bideak kateatzean hasi da. Izan ere, Munduko Kopako lehen proba uztailean da. «Lehen lehia garrantzitsua hilabete batzuk barru denez, Katalunia aldera joatea erabaki nuen», adierazi du.

Jarraikortasun handia

Siurana eta Olianan ibili da gehienbat Vidmar. Azken eskola horretan bere jarduera gogorrena erdietsi zuen: «Humildes pa´casa». Bidea 50 metrokoa da, jarraikortasun handikoa; batik bat, zutabe luze batzuk segitu behar dira. Oscar Jimenezek ekipatu zuen Olianako bide hau, eta Dani Andrada izan zen igo zuen lehena. Ondoren, goi mailako espezialistek eskalatu dute bistaz: Chris Sharmak, Edu Marinek, Adam Ondrak, Tomaz Mrazekek...

Denek dioten modura, oso bide erakargarria da, benetan ederra. Esloveniarrari ere asko gustatu zitzaion, beldur pixka bat igaro zuen arren. Azkenean, bere mutil-lagunak bultzatuta, bidean sartu zen: «Oso-oso motibatuta sartu nintzen bidean. Marraren bigarren zatian, zatirik zailenean, den-dena eman behar izan nuen; %200a. Inoiz baino gehiago borrokatu nuen. Behin baino gehiagotan izan nintzen erortzekotan. Bistaz egiteko oso bide eder eta aproposa da, besteak beste, muturreko mugimendurik ez duelako. Hori bai, arnasarik gabe uzten zaitu».

Bidea kateatu bezain pronto, hedabide batzuetan emakumezko batek bistaz eginiko lehen 8c zailtasuneko bidea zela aipatu zuten. Baina ez da horrela. Garai batean 8c zen, baina lehen zatia, sarrera hain zuzen, aldatu egin dute. Hori dela eta, egun 8b+ zailtasuneko bidea da. Goi mailako bide hori egiteaz gain, Vidmarrek pare bat 8c eta beste 8b+ bat igo zituen; hori bai, landuta. Bistaz ere hainbat 8a eta 8a+ poltsikoratu zituen. Guztiak ala guztiak Olianan eta Siuranan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo