GARA > Idatzia > Kultura

Marky Ramone eta bere «Hey, ho, let's go!» oihuak, hilaren 22an Atarrabian

GARA | IRUÑEA

Ramones talde historikotik kontzertuak ematen jarraitzen duen bakarra da Marky Ramone eta «harro» darama taldearen kondaira The Blitzkrieg banda berrian. Datorren ostegunean hasiko du bira Estatu espainiarrean, eta, hilaren 22an, Atarrabiako Totemen izango da.

«Mundu osotik iritsitako milaka mezu elektroniko, eskutitz eta dei jaso nituen nire irrati programan, Ramonesen kantak jotzera irteteko eskatuz. Nik atsegin dut eta jendeak gozatu egiten du entzuten; beraz, ekuazio perfektua da», azaldu zion Efe agentziari bateria estatubatuarrak.

«Crusher», «Surf city», «Blitzkrieg bop», «Rock 'n' roll radio» edo «Sheena is a punk rocker» dira Marky Ramonek eskainiko dituen «30 kantu klasiko» horietako batzuk. Clare B izango du lagun baxuan eta Alex Kane gitarran. Joey Ramone ordezkatzeko ardura Michale Gravesena izango da, The Misfits taldeko abeslari ohia. «Estilo propioa du kantuak interpretatzeko, baina ni arduratzen naiz tratamendu egokia lortzeaz», esan zuen Markyk.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo