GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

«Facebook anonimoa», nerabeen iraintzeko plataforma berria

Sare sozial berri bat jarri da modan AEBetako nerabeen artean. Erabiltzaileak beren lagunei buruzko galderak erantzutera gonbidatzen ditu modu anonimoan eta hauek ikaskideak iraintzeko baliatzen dute. Formspring du izena eta 135 milioi bisitatik gora jaso ditu jada.

GARA | GASTEIZ

Formspring 2009ko azaroan sortu zen eta 135 milioi bisitatik gora izan ditu jada. 500 milioi galdera baino gehiago erantzun dira. Nahi duzuna galdetzeko aukera ematen du, nahi duzunari, baita kontu propioa eduki gabe ere, erabiltzaileak hala aukeratuz gero. Erabiltzaileek Twitter edo Facebookeko lagunak inporta ditzakete eta edozein galderaren jarraitzaile egin daitezke, identifikatzeko beharrik gabe.

Baina mugarik gabeko foro ireki bat zirudiena, AEBetako eskola batzuetan klasekideei buruz ezin esan daitekeena botatzeko plataforma bilakatu da, aurpegia emateko beharrik izan gabe. Edonork galde dezake neska baten galtzerdiak zer iruditzen zaizkion, Ariane Barrie-Stern ikasleari gertatu zitzaion moduan. Komentario desatsegin batzuen berri izan ostean, betiko armairuan utzi dituela aitortu zion «New York Times» egunkariari.

Galdera erantzuten denean bakarrik bihurtzen da elkarrizketa publiko. Hori dela eta, guraso eta irakasle askok ez du ulertzen ea zergatik erabakitzen duten gazteek atari hau bakoitzari buruzko iritzi entziklopedia bat bihurtzea, baita iritziak negatiboak eta iraingarriak direnean ere. Christine Ruth, hezkuntza kontseilariaren esanetan, «desegokia eta biziotsua bada ere, haurrek arreta nahi dute eta publikatzera arriskatzen dira».

17 urteko gazte batek bere buruaz beste egin ondoren hasi zen Long Islandeko polizia ataria ikertzen. Biharamunean, ohar bat argitaratu zuen orriak, idatzi anonimoak blokeatzeko aukerazko tresna berri bat iragarriz, hainbatek bere «frustrazioa» adierazi zuelako izenik gabeko mezuen aurrean. Formspring berak anonimotasuna defendatu zuen, «horrela agian beste modu batera komunikatzera ausartuko ez liratekeen egoeratan elkarrizketa bultzatzen duelako».

ARRISKUA

«Interesgarria da jendeak benetan zutaz pentsatzen duena eta esatera ausartzen ez dena jakitea. Mintzen bazaitu, garrantzia kendu eta kito», dio ikasle batek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo