GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Azpeitiko apustua

Zalduak amaitzearekin nahikoa izan du irabazteko

Korrika hasi eta bigarren kilometroan saioa bertan behera utzi beharra izan zuen Erasunek.

p038_f01.jpg

Jon LEUNDA

Xabier Zalduak irabazi zuen atzo Azpeitiko zezen-plazan Ander Erasunen aurka jokatu zuen apustu mistoa. Kirolari bakoitzak hamar kana-erdiko moztu behar izan zituen aizkoran, eta ondoren hamar kilometro egin behar zituzten korrikan, zezen-plazari itzuliak emanez.

Kirolari bakoitzak erdibana eraman behar zituzten enborrak plazara, eta 3.000 euro jokatzen zituen dirutan. Aurretik biek iragarri zuten moduan, Zalduak eramandako egurrak nahiko onak atera ziren, eta gogor samarrak, berriz, Erasunek eramandakoak. Guztira 700 ikusle inguru batu ziren norgehiagoka ikusteko asmoarekin, baina ezin esan norgehiagoka handia ikusi zutenik.

Atzoko desafio ez zen ona atera. Aizkorako saioan nahikoa emozioa egon zen, baina korrikako saioan dena amaitu zen, Erasunek sekulako betekada izan baitzuen. Bigarren kilometroan utzi egin behar izan zuen saioa Aurtizko gazteak, eta hortik aurrera Xabier Zalduak nahikoa izan zuen apustua amaitze hutsarekin.

Aizkoran nafarra gehiago zenaren susmoa zegoen, baina oso tarte txikia egon zen, eta une batzuetan Zumarragakoa ere aurretik ibili zen. Amaieran minutu bateko tartea bakarrik lortu zuen Erasunek, baina hori lortzeko lan handia egin behar izan zuen, betekada handia hartu zuen, eta korrika doi-doi ibili zen lehen bi kilometrotan; azkenean utzi egin behar izan zuen saioa, nahiz eta zorionez berehala osatu zen. Horren erakusle, amaieran Zalduari besarkada bat emateko moduan ere izan zen. Horrek zaleak dezente lasaitu zituen, aurreko apustuak izan zituen ondorioak kontutan hartuta, eta Erasun balantzaka erretiratu zela ikusita, nahikoa kezka sortu baitzen zaleen artean.

Erasun aizkoran gehiago zela uste zuten zaleek, baina nafarrak ez zuen bere lanik egin, eta nahikoa komeria izan zituen aurretik ibiltzeko. Lan erdietan esaterako, Zumarragakoa zen aurretik, eta azkeneko enborretan aurre hartu baldin bazuen ere, minutu eskaseko tartea bakarrik zuen, eta garbi zegoen zailtasun handiak izango zituela Erasunek aldeari eusteko, nahiko larri ikusten baitzen. Azkenean, horixe gertatu zen. Korrika hasitakoan estu eta larri ikusten zen nafarra, eta bigarren kilometroa amaitutakoan nahikoa zela ikusi zuten bere laguntzaileek, doi-doi baitzebilen zutik; hala, apustua utzi zuen.

Hortik aurrera Zalduak lasai jarraitu ahal izan zuen lanean, bai baitzekien amaitzearekin nahikoa zuela garaipena erdiesteko, eta amaieran garaipen erraza, uste baino askoz ere errazagoa, lortu zuen. Dena dela, ezin esan Zumarragakoak aizkoran lan txarra egin zuenik, izan ere, batzuetan aurretik ere izan baitzen, eta amaieran minutu bakarra izan baitzen atzetik.

Hori bai, amaierarako apustua espero baino gehiago luzatu zen. 60 minututik 70 minutura bitartean aritzeko asmoa agertu zuten aizkolariek aurreko egunetan, eta Zalduak 83 minututan amaitu zituen bere lanak.

Dena dela, oso kontutan hartu behar da bientzat zela lehenengo apustua, eta hori ere kontutan hartu behar da, ez baita gauza bera etxean lan egitea edo apustu batetan aritzea, eta hori oso agerian geratu zen. Izan ere, bietako inork ez zuen duen guztia erakusteko modurik izan. Saioaren amaieran ederki ulertu zuten hori bildutako zaleek eta bi kirolariak txalo artean agurtu zituzten.

Erasunek Miel Mindegia eta Lorentzo izan zituen laguntzaile lanetan. Zalduak, berriz, Iruntxiberri eta Dorronsoro izan zituen alboan.

Zalduaren aizkorako denborak hauek izan ziren: 2.18, 5.44, 8.25, 11.17, 14.32, 18.27, 22.45, 27.22, 30.45 eta 33.52. Korrikako denborak, berriz, hauek izan ziren: 39.57, 44.22, 48.50, 53.43, 58.45, 63.48, 68.50, 74.00, 79.10 eta 83.00.

Erasunen aizkorako denborak hauek izan ziren: 1.49, 4.08, 7.38, 11.32, 15.09, 18.29, 22.35, 25.54, 29.22 eta 32.50. Korrika, berriz, bi kilometro egin zituen; saioa utzi zuen unean, Aurtizko kirolariak 42 minutu eta 51 segundo zeramatzan lanean.

Lehen apustua

Bai Zalduak eta baita Erasunek ere lehen apustua zuten, eta hori ederki nabarmendu zen. Izan ere, bietako inork ez zuen duen guztia erakusteko modurik izan, nahiz eta bietan gaizkien nafarrak amaitu zuen.

Zaldua: «Ez nuen honela irabazi nahi»

Xabier Zaldua gustura zegoen jokatutako lehen apustua irabazi zuelako, baina ez zuen berak nahi zuen moduko garaipenik lortu: «Egia esan irabazteak beti ematen dizu poz handia, baina honela irabazterik ez nuen nahi. Berak ezin izan ditu lanak amaitu, eta horrek bidea erraztu egin dit, baina dudarik gabe biak lehian ginela irabazi izan banu, politagoa izango zen», esan zuen Zumarragako kirolariak.

Gainerakoan, egindako lanarekin nahikoa konforme geratu zen. «Lehen apustua nuen, eta orokorrean nahikoa gustura geratu naiz. Gero, korrika egiten bakarrik geratu naizenean, lasai aritu naiz, banekien lanak amaitzearekin garaipena segurtatuta nuela, eta horrek lasaitasuna eman dit, ez neukan behartu beharrik. Aizkoran nahikoa gustura aritu naiz, eta korrikan, berriz, behartu beharrik gabe aritu naiz, bakarrik geratu bainaiz», esan zuen garaipena lortu berria zuen Zumarragako Xabier Zaldua aizkolariak.

Ander Erasunek bestelako aurpegia zuen. Aurtizko 20 urteko gazteak ere lehen apustua zuen, baina ezin izan zuen amaitu, eta agian galtzeak baino pena handiagoa eman zion horrek berak. «Libratu ezinik aritu naiz, hasieratik aritu naiz estututa, eta ezin izan dut nire maila eman. Oso lotuta aritu naiz, eta korrikan, berriz, larri nenbilen, betekada handiarekin, eta amaieran utzi egin behar izan dut saioa», esan zuen aizkolari nafarrak.

Anderrek etxean lan egitea edo plazan aritzea oso ezberdina dela nabarmendu zuen. «Ez dauka zerikusirik etxean lan egiteak edo gauza bera plazan egiteak. Etxean gustura aritu naiz, lasai; aldiz, plazan lehen apustua nuen, eta nerbioak agertu dira. Ez dut nirea egin, horrek ematen dit penarik handiena», adierazi zuen. Hala ere garrantzitsuena bere osasuna zen, eta desafioa amaitu ez bazuen ere, betekadatik berehala osatu zen, eta hori zen garrantzitsuena.

J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo