GARA > Idatzia > Mundua

Karzai Obamarekin adiskidetzera doa aste honetan Washingtonera

Hamid Karzai Afganistango presidentea gaur bertan iritsiko da Washingtonera, bere herrialdeko egoera kezkagarria Barack Obama estatubatuarrarekin aztertzera. Elkarrekin haserretu ostean, talibanen erasoek lehenbailehen adiskidetzera behartu dituzte bi agintariak.

Jose Angel ORIA |

Atzo bertan Karzairen Gobernuaren aldeko milizianoen eta talibanen arteko borroken berri iritsi zitzaigun Herat mendebaldeko probintziatik, tropa espainolak dauden puntutik alegia. Egoerak eskuetatik ihes egin die okupatzaileei eta horien aliatuei eta horixe da AEBetan egunotan aztertu behar dutena.

Sei miliziano eta hamar gerrillari hil ziren larunbatean Shindand eskualdean. Aurrena talibanek egin zieten eraso milizianoei, eta gero AEBetako militarrak eta horiei laguntzen dieten Afganistango Armadako kideak iritsi ziren bertara, erasotzaileei aurre egiteko. Okupatzaileek emandako bertsioaren arabera, hamar taliban hil zituzten, baina gerrillari islamistek hildako bakarra onartu dute.

Zainudin Sharifi afganiar komandanteak esandakoaren arabera, talibanak AEBek duten base baten aurkako erasoa egiteko prest zeuden, milizianoekin topo egin zutenean. Talibanak nagusitu ziren eta borroketatik bizirik atera ziren lau miliziano hil zituzten ondoren, burua moztuta. Orduan iritsi ziren militarrak. Hildako talibanetako lauk, soinean zituzten lehergaiak eztandarazi zituzten, okupatzaileek ez harrapatzeko.

Bestalde, hegoaldean dagoen Helmand probintzian hiru soldadu afganiar eta NATOko bat hil zituzten atzo talibanek.

Berri horiek apirilaren azken egunetan Pentagonoak ezagutzera emandako txosten batek zioena berresten dute: talibanak gero eta indartsuago daude Afganistango hegoaldean. Aipatu idatzian Stanley A. McChrystal jeneralak ofizialki onartzen du talibanek eremu handi bat dutela beraien mendean, eta leku askotako populazioa gerrillari islamisten aldekoa dela. Kasu gehienetan, segurtasun ezak eragiten du herritarrak talibanen alde jartzea, islamistak nagusi ziren garaian arazo ugari izan baitzituzten, baina segurtasun faltarik ez; orduan kalean lasai asko ibiltzerik izaten zuten behintzat.

Etxe Zuriak ezagutarazi duen egutegiaren arabera, 2011ko ekainean hasi nahi dute tropak Afganistandik ateratzen, baina horretarako «fidatzeko moduko bazkidea» behar dute herrialdean bertan. Hor sortzen da arazoa, Obama ez baita Karzairekin fidatzen eta behin baino gehiagotan aipatu du bere aurrean ustelkeriari aurre egin behar zaiola. Karzaik AEBetara egitekoa zuen bisita bertan behera uzteko aukera ere aipatu zen, bien arteko harremanak gaiztotuta zeudela ikustean.

Baina egoera kezkagarriegia da umekeriatan ibiltzeko. Obamak badaki Karzai ordezkatzeko moduko inor ez duela aurkituko, eta Karzaik, berriz, amerikarrik gabe ezer egiterik ez duela.

sarraskia

Afganistango mugatik gertu dagoen Orakzai Pakistango eskualdean 23 gerrillari islamista hil zituen atzo Armadak bonbardaketa batean, erasotzaileen arabera. Zenbat zibil hil zituzten ez dute jakinarazi Pakistango militarrek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo