Atez atekoaren emaitza onak berehala jasoko dituztela ziur da Hernaniko alkatea
Hainbat hilabetez prestatze lanetan buru-belarri ibili ondoren, martxan da Hernanin atez ateko hondakin bilketa. Usurbilen ostean sistema ezartzen bigarren herria izango da; Oiartzunen maiatzaren 23an hasiko dira.GARA | HERNANI
«Gure ardura da herritarrei laguntzea eta denon arteko elkarlanak emaitza ikusgarriak emango dituela ziur naiz». Hala adierazi zuen atzo Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkateak atez atezko hondakin bilketari ongietorria emateko egin zuten festan.
Hain zuzen ere, atzo gauean eman zioten hasiera ofiziala gipuzkoar herri honetan gaikako hondakin bilketari. Asteburuan zehar herriko edukiontziak kendu ondoren, hemendik aurrera horretarako prestatutako zintzilikagailuetan utziko dituzte bizilagunek hondakinak, egun bakoitzean tokatzen den frakzioa.
«Aro berri» honi hasiera emateko, Porrotx pailazoaren laguntzarekin egin zuten hasiera ekitaldia. Bertan, Beitialarrangoitiak eskerrak eman zizkien bizilagunei atez atekoa posible egiteagatik eta hondakin kudeaketa sistema hau Gipuzkoa osora zabaltze posible dela defendatu zuen.
«Ez dugu behar gure osasuna, ingurumena, ekonomia eta etorkizuna kaltetzen dituen inolako errauste plantarik», esan zuen alkateak. Era berean, gogorarazi zuen hainbat instituzioetako agintariek egitasmo honi jarritako oztopoak asko izan direla. Oztopoak oztopo, animoak eman zizkien herritarrei egitera doazen bidea elkarren eskutik egin dezaten.
Ekitaldi berean Atez Ate Bideo Laburren Lehiaketako sariak banatu zituzten. Izan ere, hondakin bilketa gai hartuta egindako bideoen lehiaketa egin dute Hernanin herriko ikastetxeetako ikasleen artean. Atzo Txirrita Herri Eskolako haurrek egindako «Hamar arrazoi» bideo laburrak eraman zuen lehen saria; bideo hori Osasuna Atez Ate webgunean dago ikusgai.
Hernaniko Tilos Plazan, bestalde, autokonpostajearen gaineko txoko bat ere jarri zuten. Bertan, etxean konposta egiteko gailua ezagutzeko aukera izan zuten hernaniarrek; hurbildutakoek, gailua nola erabili behar den ikasi ahal izan zuten. Era berean, Usurbil eta Oiartzungo irudiak biltzen zituen erakusketa bat ere jarri zuten.
Hemendik aurrera, horrenbestez, atez ateko bilketa sistemara ohitu beharra izango dute hernaniarrek. Herritarren artean zalantzak eta beldurrak izan badirela jakinik, Udalak bizilagunek euren zerbitzura izango den informazio gune bat izango dutela jakinarazi zuen. Beitialarrangoitiak onartu zuenez, oraindik azken xehetasun batzuk falta badira ere -etxe batzuetan kuboak izendatzeko kodeak, kasu-, atez atekoarekin hasteko prest dira.
«Hondakinen arazoari konponbidea emango zaio Hernanin herritarren osasuna kaltetu gabe, ingurumena zainduta eta legeak agintzen duen gisan organikoa bilduta. Epe laburrean hernaniarrak harro egongo gara egindakoaz», esan zuen.
Hernaniko Udalak jakinarazi zuenez, atez ateko hondakin sistema aurrera eraman ahal izateko hamar lagun kontratatu dituzte. Izaskun Txintxurreta Ingurumen zinegotziak azpimarratu nahi izan zuenez, «atez atekoak herritarren aldeko apustua egiten du, atez atekoak lanpostuak sortzen baititu». Horrela, hondakinen arazoari «herritarrengan oinarritzen den irtenbidea» eman diotela azaldu zuen Txintxurretak. Bere hitzetan, krisi ekonomikoko garai hauetan hamar familiei lana ematea «oso pozgarria» da Udalarentzat.
Kontratatutako langileek gauez egingo dute lan, bilketak 23.00etatik aurrera egingo baitira. Orotara hiru kamioi izango dituzte auzoz auzoko bilketa egiteko.
GARA