GARA > Idatzia > Euskal Herria

Itzalean geratua zen Anabitarte mugalariak aitortza ukan du Ziburun

p013_f0318532.jpg

GARA | IRUÑEA

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoko herri gehienetan, atzo, II. Mundu Gerran bizia utzi zuten herritarrak gogoan izan zituzten, guda hartako armistizioa ospatzeko eguna izan baitzen Estatu frantsesean. Alta, soldadu ez ziren askok ere parte hartu zuten gudan, batez ere nazien okupazio garaian. Horietako bat omendu zuten atzo Ziburuko hilerrian: Tomas Anabitarte hernaniarra.

Erresistentzian hain garrantzitsua izan zen mugalari lanetan aritu zen. «Espainiako gerran parte hartzeari uko egin zion», gogoratzen du Jean-Michel Sallaberryk, omenaldia prestatu duen Jakintza elkarteko diruzainak. Bere aitari entzunda dakizki kontu mordoa Anabitarteri buruz. «Nonbait Hernaniko koadrila batekin aritzen zen kontrabandoan eta nire aitak, Ramuntxok, kontaktatu zuen berarekin 1940an lehen muga-zeharkatzea egiteko». Sallaberryren aita marinela zen eta Alliance sareko kidea izan zen erresistentzia garaian. Sare hura, batez ere, militarrek eta jendarmeek osatzen zuten.

Ramuntxo Sallaberryk Tomas gizon xume eta atsegina zela kontatu zion semeari, hainbeste zeharkatze arriskutsuez -maiz itoaldi eta hildakoekin bukatzen zirenak- hitz egiterik nahi ez zuena. Hainbat sareentzat egin zuen lan Anabitartek (Alliance, NANA, Gernika batailoiko gudariak edota alemaniarrengandik alde egiten zutenak), baita Cometerentzat ere. Sare ezaguneko kide Manuel Iturrioz, Florentino eta Kattalin Agirre izan zituen lankide, besteak beste.

Ibitik pasata

«Hegazkin pilotuak autobusez edo trenez iristen ziren Donibane Lohizunera eta trenak egin behar zuen maniobra bat baliatuz, Ziburu parean salto egiten zuten trenetik. Handik Azkaineko Muxugorri baserrira eramaten zituzten, eta, zerbait jan ostean, San Migel edota Endarlatsan ibitik igarotzen zuten muga», gaineratu zuen Sallaberryk.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo