KRONIKA Herri urratsen 27. edizioa
Irria eta euskara milaka euskaltzaleen aho eta begietan izan dira Senperen
Euskara mihian eta irria begian izan zituzten atzo milaka euskaltzalek Herri Urratsen. Izan ere, eguraldiaren nahikeriei aurre eginez, milaka euskal herritarrek erantzun zioten Seaskak egindako larrialdi deialdiari. Senpereko aintziraren inguruan Ipar Euskal Herriko ikastolak laguntzeko elkartu ziren zahar eta gazte.
Idoia ERASO
Euskaldunak txanpinoien pare izan ziren atzokoan. Goiza goxo baina lasaia izan bazen, eguerdiko euri zaparradaren ondoren euskaltzaleak toki guztietatik atera ziren. Denbora heze eta epelari aurre eginez, giroa berotuz joan zen aintziraren inguruan; ez zen beroketa klimatikoaren ondorioz izan, euskaltzaleen jai gogoagatik baizik.
Lokatzari aurre eginez, Seaskako ikastolen bestarekin bat egin zuten Euskal Herri osotik heldutako euskararen defendatzaileek, tarteka, gainera, eguzkia ere izan zuten lagun. Barakaldotik Senperera goiza pasatzera hurbildutako lagunak ziren adibide, euskaltzale gogotsu eta gartsuak behar baitira Seaskak egindako deiari erantzuteko. Izan ere, «sekulan baino gehiago», gizartearen laguntza eskatu du aurten Seaskak.
Gizartearen sostenguarekin batera, hautetsien erantzun positiboak ere alaitu zuen atzoko goiza. Lakuako Gobernuak Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako ikastolentzat urtero ematen duen laguntza txikitu ostean, ezinbestean heldu zen Seaskak «larrialdi egoerari aurre egiteko» egindako laguntza deia. Atzokoan, aldiz, Herri Urratsen irekiera ekitaldian bertan iritsi ziren berri onak.
Lehenik eta behin, Frantxua Maitia Akitaniako kontseiluaren ordezkariak Euskararen Erakunde Publikoari emango dizkioten diru laguntzak emendatuko dituztela agindu zuen. Ondoren, Max Brisson EEPko presidenteak berak diru laguntza horren parte handiena Seaskako ikastolei bideratzeko asmoa dutela erran zuen. «Administrazio Kontseiluari diru emendatzearen parte nagusia Seaskari emateko proposatuko diot», aurreratu zuen Brissonek. Azkenik, Senpereko auzapeza eta Hautetsien Biltzarreko presidentea den Christine Bessonartek azken elkargo hori Seaskari laguntza ekonomikoa ematea eztabaidatzen ari dela adierazi zuen.
«Loreontzi ibiltariak»
Adierazpen artistiko ugarik egin zuten bat Senperen bestaren arimarekin; mota guztietako ekimen eta ikusgarriak izan ziren. Ibilbidean zehar tarteka loreontzi ibiltariak ikusteko aukera ere izan zen. Loreak eta landareak buruan, orrazkera benetan bitxiak ikusi ziren. Izan ere, neskato eta emakume andana ibili ziren Senpereko aintziraren inguruan jaiaren aitzakian eginiko orrazkera artistikoa buruan.
Edozein txoko, bide edo zabalgune izan zen aproposa atzo Senperen jai giroa zabaltzeko. Horrela gertatu zen adibidez Araba eta Gipuzkoa guneen arteko tartean; ibilbidea bera bat-bateko plaza bilakatu zen. Bi txistulariren doinuei jarraiki, aitatxi eta amatxi parea fandangoa dantzatzen hasi ziren. Hasieran begirada asko eta dantzalagun gutxi izan zituzten, baina zazpi-jauzien doinua ailegatu zenean, begirada gogo bilakatu eta jende andana animatu zen dantzara. Azkenerako, ibilbidea egiten ari zen jende ugarik egin zuen bat txistu doinuarekin, eta alai-alai ibili ziren dantzan. Batzuk etorri eta besteak joan, bidea dantzarako plaza bilakatu zen bi txistulariri eta aiton-amona pare bati esker.
Bidean gora eta behera aritu ziren goizean zehar joaldunak ere. Heldu zein gaztetxoen joare doinuarekin animatu zen aintziraren inguruko bidea. Goizeko joareak danbor bilakatu ziren arratsaldean; pailazoz jantziriko talde batek ere dantzan jarri zituen euskaltzale ibiltariak.
Ikastolen urteko lehen besta izan zen atzokoa, baina hezkuntza euskalduna lagundu nahi dutenek badituzte hitzordu gehiago ere zain. Bizkaiko ikastolen jaia maiatzaren 30ean ospatuko da Bermeon, eta, aurretik, euskal eskola publikoaren jaia egingo da Iruñean hilaren 23an.
Hurrengo ikasturtean Seaskak bi ikastola berri irekiko ditu Itsasu eta Lekornen. Horrez gain, etenik gabeko garapena bizi duen ikastolen sareak ikasleei jarraipena emateko beste kolegio bat irekitzeko proiektua du Baiona aldean, baita lizeo bat ere; bertan, besteak beste, hezkuntza profesionala eskainiko da.
I. E.