GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Xanti Begiristain Madotz | Iruñea

Euskadi Irratia, Zaraitzu eta Frantzia

Azken hilabete hauetan egin dituen elurteak direla-eta, irrati eta telebistetan behin baino gehiagotan entzun dugu mendateei buruzko informazioa. Maiatzaren 4an eta 5ean Euskadi Irratian esan zuten, «Salazar» eta «Frantzia» arteko mendatea itxita zegoela, elurrarengatik. Negu gorrian ere, modu berean esan zuten zenbait egunetan, arrazoi berberarengatik. Azkenean, nazkatuta, Euskadi Irratira telefonoz deitu eta jakinarazi nien ez zirela batere era txukunean ematen ari informazio hura, alegia, mendate haren izena Iturzaeta dela, oso oker ez banago.

Garai hartan zuzendu zuten akatsa eta handik aurrera esaten zuten «Zaraitzu eta Zuberoa (edo Iparralde) arteko mendatea» itxita zegoela. Baina, ikusi dugun bezalaxe, eta, zoritxarrez, aste honetan akats berbera errepikatu dute zenbait aldiz. Bigarren egunean, irratiko norbait, antza, konturatu zen ez zutela ongi esan aipatutako mendatea, eta orduan «Larrauko mendatea» erabili zuten.

Saiatu bai, saiatu ziren konpontzen egindako akatsa, baina ez dut uste inondik inora ere lortu zutenik helburua. Hasteko, Zuberoako «Larrau» herria euskara batuan «Larraine» da, eta jarraitzeko, gorago esan dudan bezala, hango mendatearen izena «Iturzaeta» omen da. Oker baldin banago, eskertuko dut norbaitek zuzentzea. «Salazar» hitzari buruz, uste dut ez duela merezi deus ere esatea. Era berean, Euskadi Irratiko albistegietan (baita beste hedabide askotan ere) sarriegitan entzuten da, konparaziora, «Ebro bailara», «Baztan bailara» eta abar. Ikusten denez, oraindik ez dute ikasi «haran, ibar» eta «bailara» ez direla gauza bera.

Bukatzeko, Euskadi Irratiko zuzendariari eskatuko nioke sentiberatasun bera izan dezan Euskal Herri osoarekin, eta, profesionaltasun handiagoa, tamaina honetako hizkuntz akatsak ez errepikatzeko horren maiz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo