GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Beñi Agirre Euskara irakaslea

Noaingoa memorian

Historialari zaharrek, statu quoaren aldekoek, mundua sortu zenetik Espainia Espainia dela eta Frantzia Frantzia izan dela sinetsarazi nahi digute. Euskaldunok gure borondatez zatitu ginela eta nor bere aldetik estatu handi horietara bildu ginela, Nafarroa Garaiaren inbasioaren ondoren denek bat egin zutela inbasoreekin eta haiei esker denok zoriontsu bizi garela haien handikerian. Historialari zaharrak ez dira zahar adinarengatik, zabaltzen duten mezua zaharra eta gezurrezkoa delako baizik. Zaharkituak daude mezu horiek, mezulariak adinez hala ez izanagatik ere.

Inork gutxik defendatzen du gaur egun 1512ko Nafarroa Garaia eta Beherearen inbasioa ez zela konkista izan. Denok dakigu herri honek bere buruari eman zizkion erakundeak gaztelarrek eta frantsesek suntsitu eta bortxaz desegin zituztela, euskaldunon lurraldea mendez mende eraso ondoren zatitu eta beretu zutela eta gure hizkuntzaren lurraldea murriztuz doala egiten dioten jazarpenaren ondorioz .

Badakigu, euskaldunok, nafarrok, justifika ezina den jokaera horri aurre egin izan diogula beti. Nola ulertu behar da bestela, gaztelarrek Iruñea okupatu ondoren, etengabe herria inbaditzaileen kontra altxatu izana. Nola ulertu, 1521ean, gaztelarren alde ari zen Loiolako Iñigo, gero erlijio kontuetara pasa eta santu egingo zutena, nafar leialek zauritu eta etxera joaten utzi izana? Nola ulertu, matxinada hori desegiteko, gaztelarrek Noaingo zelaietan 5.000 soldadu nafar mendekuz hil izana? Gutako batzuek ulertu dugu, eta urtero gogoratzen dugu. Langile guztiontzat Maiatzaren Lehena «Chicagoko martirien» heriotza gogoratzeko eguna den bezala, nafar guztiontzat ekainaren azken igandea Noaingo sarraskian hildakoak gogoratzeko eguna da. Ez dugu ezer ospatzeko, gogoratzeko asko baizik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo