GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

HERRI URRATS 2010

Seaskak «ardura» eskatu dio Parisi eta «konpromisoa» Lakuari

Aurtengo Herri Urratsek ez du aurreko urteetako arrakasta izan eta antolatzaileek ez dute espero zuten uzta bildu. Horri Lakuako Gobernuak diru-laguntza eskasagoa emango duela gehituz gero, argi dago Ipar Euskal Herriko ikastolen konfederazioak bere premiei aurre egiteko zailtasunak izango dituela. Estatu frantsesak duen ardura nabarmendu dute bereziki.

p006_f01_148x120.jpg

A. MANTEROLA -I.ERASO

Igandeko Herri Urratsek ez du espero adina fruiturik ekarri, begi-bistakoa baitzen ohi baino jende askoz gutxiagok egin zuela Senpererako bidea. Eguraldi kaskarrari baina baita egungo krisi egoerari ere egotzi diote antolatzaileek aurtengo edizioan parte hartze eskasagoa izana.

Seaskako zuzendari Hur Gorostiagak euskararekiko eta Ipar Euskal Herriko ikastolekiko konpromisoa agertu zuten herritarrei esker ona helarazi zien, halere. «Oztopoak oztopo Senperera etorri ziren guztiei biziki eskertzen diegu eta dei egiten dugu Herri Urratsi segida bat ematera, igandean erdietsi ez duguna beste bide batzuetatik lor dezagun», esan zuen Gorostiagak, ekimenak laguntzeko euren aldetik behar dena (dantzariak, kantariak...) jartzeko prest daudela nabarmenduta.

Euskaltzaleei ez ezik, Estatu frantseseko erakundeei eta Lakuako Gobernuari dei berezia helarazi diete Seaskatik. «Lehenik eta behin, ardura eskatzen diegu hemengo erakundeei, haiena baita hizkuntzaren biziraupena bermatzeko erantzukizuna. Bestetik, Jaurlaritzari konpromisoa eskatzen diogu, urteetan hitzemandakoa ezin baita bertan behera utzi agintean dagoen alderdia aldatu delako», gaineratu zuen atzo zuzendariak.

Izan ere, oraindik negoziazioetan dabiltzala eta «ezer itxia eta sinatua» ez dagoela zehaztu zuen arren, azken bost urteotan Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioak Lakuatik jaso duen diru-laguntza izugarri murriztuko da. Igandean bertan Jeff Mateo Seaskako lehendakariordeak jakinarazi zuenez, kasik heren batera jaitsiko da zuzenean material eta ekipamenduetarako EAEko Gobernutik urtero bideratu dieten laguntza.

Gorostiagak esan du datozen asteetan berriro bilera izango dutela Lakuako Gobernuarekin ekarpena zehazteko: «Gure premiak eta, batez ere Herri Urratsetik espero genuena ez dugula lortu kontuan izango dutela espero dugu. Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako arduradunak hitz egingo dugula agindu zigun igandean».

Benetako arazoari heldu

Koldo Tellitu Euskal Herriko ikastolen presidenteak ere Lakuako engaiamendu ekonomikoa hizpide izan zuen Herri Urratsen: «Konpromiso sendoagoak eskatzen dizkiogu Eusko Jaurlaritzari, ez dugu konpromisoaren ukazioa onartuko».

Hala eta guztiz ere, Paxkal Indo Seaskako lehendakariaren ustez, «beti Hego Euskal Herriari eskatzeko» joera baztertu behar da: «Arazoari zuzenki heltzeko eta dirua egiaz zor digunari eskatzeko garaia da. Finean, guk Bidasoaren iparraldean ordaintzen ditugu zergak. Laster 3.000 ikasle izango ditugu eta ezinezkoa da bestaldekoei eskean ibiltzea, are eta gutxiago krisi garaiotan».

Horretarako bideak eraiki behar direla deritzo. Horietako bat Falloux legea indargabetzea da. 1850. urteko lege horrek elkarte pribatuetan inbertsioak egitea debekatzen die udalerriei eta, nahiz eta «borondaterik baldin bada, oztopo horiek saihesteko aukerak izaten diren», ezinbestekoa dela uste du «Estatuan murgiltze eredua duten gainerako eskolekin batera (Bressola, Diwan, Calendreta....) lege-proiektua lantzea».

«Estatuak ez du bere egitekoa betetzen»

Seaskak hainbat diru-laguntza jasotzen du erakundeetatik. Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) espresuki irakasleriari ordaintzeko bideratzen dio laguntza. Iaz 225.000 eurokoa izan zen eta, aurten, Akitaniako Kontseiluak bere ekarpena emendatu duenez, Max Brisson EEPko presidenteak joan den urtean baino gehiago izan dezan ahaleginduko dela agindu du.

Beste zatia -handiena- Lakuako Gobernuak eman ohi dio Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioari, baina laguntza hori ekipamenduak, lokalak eta materialak diruz laguntzera bideratu behar du. Azken bost urteetan 1.100.000 euro jaso ditu urtero. Alta, sozialistek gobernua eskuratu zutenetik lehen ekarpena negoziatzen ari dira orain. Joan den astean 450.000 euro inguruan finkatua zegoen urteko laguntza, baina Seaskak ez ditu negoziazioak itxitzat eman oraindik.

Gurasoen ekarpenekin eta urtean zehar egiten dituen ekimenekin -garrantzitsuena Herri Urrats izaki- borobiltzen du aurrekontua. Urtero 200 ikasle gehiago matrikulatzen dira eta, hortaz, beharrak ere handitzen doaz. Paxkal Indok adierazi du Seaskaren bizkar geratzen direla nagusiki «hezkuntza eta hizkuntza gutxituen irakaskuntza bera. Guk ezin ditugu gure gain hartu Estatuak betetzen ez dituen bi egiteko hauek. Ezin dizkigute eskuduntzak aitortu bitartekorik eman gabe». A.M.

«Mundu osoan»

Blanca Urgell Kultura sailburuak betiko leloa errepikatu zuen atzo, hau da, «Iparraldean, lurralde guztietan eta mundu osoan euskara sustatzearen alde» daudela. «Euskara hitz egiten den eremu geografiko guztietan egotea» da bere politika.

«HIPOKrisia»

Seaskako presidenteak lekuko hautetsien «hipokrisia» salatu du. «Borondatea baldin bada, Falloux legeak jartzen dituen oztopoak gainditzen ahal dira, esaterako, herrietan lokalak alokatuz edota oporretarako zentroen erabilera ahalbidetuz».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo