GARA > Idatzia > Euskal Herria

Loiuko aireportua normaltasunera itzuli zen atzo, asteburuan itxita egon ondoren

GARA | BILBO

Euskal aireportuek ateak itxi behar izan zituzten berriro Eyjafjallajökull sumendi islandiarrak eragindako errauts hodeiak hegaldiak arriskuan jar zitzakeelako. Atzo goizean ireki zituzten, goizaldeko ordu bietan, AENAk baimena eman ondoren.

AENAk larunbat arratsaldetik itxita zeuden bere kontrolpeko aireportu guztiak igande goizeko ordu bietan irekiko zituela iragarri zuen, baina ez zen horrela gertatu. Izan ere, sumendiak eragindako errauts lainoak igandean ere arazoak sortu zituen, eta Asturias, Santander, Bilbo, Salamanca, Leon, Burgos eta Valladolideko aireportuak itxita egon ziren arratsalde osoan.

Horrez gain, Bilbon ere hegaldietan arazoak izan ziren atzo. Igandean 16.00etatik Loiu itxita egon zenez, atzoko prest egon behar zuten hegazkin batzuek ezin izan zuten Bilbon lur hartu. Horregatik, atzo ateratzekoak ziren hamahiru hegaldi bertan behera gelditu ziren.

Larunbatean ere hegaldi ugari geratu ziren bertan behera. Aireportua 15.30ean itxi zutenetik 60 hegaldi galdu ziren, 31 iriste eta 29 irteera. Hala ere, eskainitako informazioari esker bidaiari gutxi agertu zen aireportuetan, eta ez zen arazorik sortu.

AENA sareko Asturias, Santander, Bilbo, Salamanca, Leon, Valladolid eta Burgosko aireportuak atzoko 02.00ak arte itxita egon ziren. Errauts lainoaren arriskua igaro ondoren AENAk aireportuak irekitzeko baimena eman zuen, eta Loiuko aireportua ireki zuten, estatuan oraindik itxita zeuden beste guztiekin batera.

Nahiz eta hegaldientzako arriskurik ez egon, AENAk murrizketak ezarri zizkien bere sareko aireportuei asteleheneko 16.00etatik aurrera.

Irlandan etenaldia

Europako beste herrialdeei dagokienez, Irlandako aireportuetako trafikoan 6 orduko etenaldia egon zen. Denbora baterako itxieraren ondorioz Bilbora iritsi behar zuen hegaldi bat bertan behera gelditu zen. Gainera, Bilbotik Dublinera joan zen hegazkin bat ere atzerapenarekin atera zen.

Irlandako aireportu guztiak itxita egon ziren 08.00etatik 14.00etara sumendiak eragindako hodeia gertu zegoela-eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo