GARA > Idatzia > Mundua

Garaipentzat jo dute Israelgo agintariek OCDEk kide berri gisa onartu izana

Garaipen diplomatiko handia lortu zuen atzo Israelek Parisen, OCDE osatzen duten 31 estatuek Estatu sionista kide berri izatea onartu baitzuten. Palestinaren aldeko taldeek salatu dutenez, bazterkerian oinarrituriko politikarekiko oniritzia adierazten du erabaki horrek.
p018_f01_148x112.jpg

Martxelo DIAZ |

Israelek garaipentzat jo du atzo Parisen OCDE erakundeak herrialdea kide berri gisa onartu izana. «Gure herrialdearen ekonomiaren eta teknologia arloan izan ditugun lorpenekiko oniritzia da», nabarmendu zuen atzo Israelgo Atzerri ministro Avigdor Liebermanek «Haaretz» egunkarian plazaratutako adierazpenetan.

Horrez gain, palestinarrek OCDEk Israel onar ez zezan egindako eskariari jaramonik egin ez diotela nabarmendu zuen Liebermanek. «Honek agerian utzi du Israelekiko nazioarteko komunitatearen sostenguaren aurkako neurriek porrot egin dutela, nahiz eta politika, segurtasun eta ekonomia arloan egin duten ahalegina», gaineratu zuen Israelgo ministroak.

Ildo berean, OCDEn sartzea «unibertsitate mailako titulu bat jasotzea bezalakoa» dela adierazi zuen Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk. «Honek aukera gehiago emango dizkigu, ate ugari irekitzen dizkigulako. Orain, gure helburua munduko hamabost herrialde garatuenen artean kokatzea da», gaineratu zuen.

Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundea (OCDE) munduko 31 estatu garatuenek osatzen duten nazioarteko elkartea da. 1960an sortu zen, Parisen du egoitza nagusia eta bere helburua kideen arteko politika ekonomikoak eta sozialak koordinatzea da.

Atzo Parisen egin zuten bileran Israel ez ezik, Estonia eta Eslovenia ere kide berritzat onartzea erabaki zuten.

Parisen harturiko erabakia palestinarrek eta Palestinaren askatasunaren aldeko nazioarteko taldeek Israel ez onartzeko egindako eskariaren kontra hartu zen. Israelekiko boikota bultzatzen duen BDS mugimenduak adierazi zuenez, Estatu sionista OCDEren barnean onartzea palestinarren aurka darabilen jazarpena eta eskubide urraketa onartzea da.

BDS: «Apartheidarekin bat»

«Palestinarrentzat, arabiarrentzat eta kontzientziadun jendearentzat Israelen okupazioa, kolonizazioa eta apartheida bermatzea da», nabarmendu zuen BDS mugimenduak Estatu sionista OCDEko kide gisa onartua izan ez zedin martxan jarri zuen kanpainan.

BDSren arabera, atzo Parisen hartu zen erabakiarekin OCDEko kideak Israelen konplize bilakatu dira Zisjordanian eta Gazan dirauen okupazioa eta eskubide urraketen sistema mantentzeko. Ildo horretan, OCDEren adierazpenetan giza eskubideen alde egingo duela esaten dela gogorarazi zion BDS mugimenduak. Parisko bileran, hiru estatuk -Suitza, Irlanda eta Norvegia- Israel onartzeko zalantzak azaldu zituzten, baina azkenean aho batez hartu zen Estatu sionista kidetzat onartzeko erabakia.

Horrekin batera, joan den astean Irlandako 18 diputatuk eta senatarik Dublingo Gobernuari Israelen eskaeraren aurrean betoa ezartzeko eskatu zioten gutun baten bidez.

2007an onarturiko adierazpen batean OCDEk Israel kide gisa onartzeko, honek giza eskubideetan oinarrituriko demokrazia bilakatzeko aurrerapausoak eman behar zituela esaten zuela adierazi zuten Irlandako hautetsiek.

Nahikoa zen estatu batek aurkako botoa ematea Israel OCDEko kide izateko bidea moztu ahal izateko.

gaza

Taldeko burua Poliziaren eskuetan badute, Israeli lagundu dioten palestinarrei ez dietela heriotza zigorrik ezarriko iragarri zuen atzo Hamasen kontrolpean dagoen Gazako Gobernuak.

Medvedev

Damaskora bisita egin zuen atzo Dimitri Medvedev-ek, Siriara ofizialki joandako lehen presidente errusiarrak. Sobietar Batasunaren garaian, aliatuak ziren Mosku eta Damasko.

atxiloketak

Libanoko Hizbula alderdiarekin harremana izatea leporatu die Israelgo Poliziak 48ko lurraldeetako bi palestinarri. Amir Makhoul Itija GKEen koordinakundeko burua da eta Omar Said Balad alderdiko kidea.

Netanyahu niega compromisos para detener la construcción de colonias sionistas en Jerusalén

El primer ministro israelí, Benjamin Netanyahu, negó ayer que su gobierno se haya comprometido con EEUU a frenar la construcción de la colonia de Ramat Shlomo, en Jerusalén Este, en contra de las declaraciones en ese sentidos que el domingo realizó la Casa Blanca.

Netanyahu aseguró ayer ante los miembros de su partido, el derechista Likud, que no hay ningún acuerdo para paralizar la construcción de colonias en Jerusalén Este mientras duren las negociaciones de paz indirectas, informó el diario «Yediot Aharanot» en su edición digital.

Tras anunciarse el comienzo del diálogo indirecto, el portavoz del Departamento de Estado de EEUU, Philip Crowley, declaró en Washington que la Autoridad Palestina e Israel están dando los pasos para crear la atmósfera necesaria para un proceso de diálogo. Según Crowley, Mahmud Abbas se ha comprometido a evitar instigaciones contra Israel y Netanyahu aceptó no realizar construcciones durante dos años en Ramat Shlomo. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo