GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Brownen mugimenduak joko politikoa piztu du

Hauteskundeen emaitzak ezagutu ondoren, zer egin zezakeen Gordon Brownek lehen ministro postuari eusteko? Ezer ere ez. Ezinezkoa zen eta berak bazekien. Horregatik, ezohikoa izateagatik behinik behin meritua duen jokaldi politiko batean, atzo Brownek bere dimisioa aurkeztea erabaki zuen. Era honetan, berak ez baina bere alderdiak botereari eustea lor dezake, baldin eta bere ondorengoak liberalekin eta gainontzeko indar politiko txikiagoekin akordio bat erdiestea lortzen badu. Ez da erraza, baina ez da ezinezkoa. Gainera, urteetan luza zitekeen laborismoaren krisi bat saihesteko era bakarra zen, batez ere. Orain hau da galdera: zer egin dezake David Cameronek Gobernu aukera hau alboratzeko? Liberalei eta Cleggi eskatzen duten ia guztia ematea, hauteskunde legearen moldaketa barne. Eta horixe egingo duela iradoki zuen atzo, Brownen jokaldia ezagutu eta gutxira. Urrats hau gatazkatsua izango da Alderdi Kontserbadoreko sektore batzuentzat, jakina, baina Cameronen aukera politiko bakarra orain lehen ministro bihurtzea da. Bestela bereak egin du, ez etxean ez kalean ez baitiote barkatuko aukera hau galtzea. Horixe baitzen bera kontserbadoreen buru hautatzeko baldintza, irabazteko apustua zen ala ez zen ezer ere ez. Cleggen txanda da orain, bere helburuak lortzeko eskaintza hauetatik zeinek ematen dion berme gehien erabaki beharko baitu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo