GARA > Idatzia > Ekonomia

Eskola jantokietan egunero mobilizazioak egingo dituzte langileek

GARA

LABek Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko kudeaketa zuzeneko eskola jantokietako gatazkari dagokionez, mobilizazioak hasi ditu berriro ere, «enpresei interpelazio zuzena egin eta negoziatzen jarrai dezaten exijitzeko». Joan den astean eskualde guztietako eskoletan langile asanbladak egin ostean, egunero mobilizazioak egiten hasteko erabakia hartu dutela adierazi zuen sindikatuak. Hala, hainbat lagunek Cocinas Central Goñi enpresako kamioien irteera blokeatu zuten atzo Erandion.

LABek azaldu zuenez, eskola jantokietako gatazka urtebete baino gehiago luzatu da, eta tartean «hitzarmen bat eta jantokiko zerbitzuko hobekuntza» lortzeko 15 greba egun egin ostean, gatazkaren amaiera gertuago zegoela pentsatu zuten langileek patronalak negoziazio egutegi bat eta negoziaziorako proposamen bat aurkeztu ostean. «Proposamena eta izandako jarrera aldaketa positiboki baloratu zuen langile kolektiboak, baita LAB sindikatuak ere», argitu zuen. Hala, eta egindako 15 greba egunek izandako ondorioak ikusirik, mobilizazio gehiago ez deitzea erabaki zuten langileek, «beti ere aipaturiko konpromisoa mantentzen zen bitartean».

Maiatzaren 4an berriz, jantokiak kudeatzen dituzten enpresek euren proposamena mahaitik baztertu eta negoziazio egutegia apurtu zuten. «Arduragabekeria horrekin enpresek erakutsi dute ondorioak ez zaizkiela axola», kritikatu zuen sindikatu abertzaleak, «eta larriena dena, gezurra esan diote kolektiboari eta jendarteari orokorrean», gaineratu zuen. Hala, enpresek ez dutela adostutakoa bete salatu zuen, eta are gehiago, «euren ekintzen ondorioak langileek ordaintzea» nahi dutela. Langileak gatazka konpontzeko asmoa dutela berretsi zuen LABek, eta beste batzuk direla, «jantoki zerbitzurako azpikontrataturiko catering enpresak tartean», benetako arduragabekeriaz jokatzen ari direnak.