GARA > Idatzia > Euskal Herria

Fleuryko espetxezainen «krudelkeria eta ardura eza» salatu dute

GARA

Fleury Merogis kartzelan dauden euskal presoek gogor salatu dute Oihana Garmendia kideari gertatutakoa eta kartzelariek erakutsitako «arduragabekeria eta krudelkeria».

Apirilaren 27an espetxean izandako sute baten ondorioz Garmendia ospitalera eraman behar izan zuten, kea arnastu eta laguntza eskatzen ari zela eskumuturretan min hartu zuela-eta.

Sutea 20.15ean piztu arren, 21.00ak arte ez zuten Garmendiaren ziega ireki, haren kideak helarazitako gutunean adierazi zuenez. Garmendia arnasa hartu ahal izateko atera zenean gainera, kartzelariek ziega barrura bultzatu zuten ateratzeko eskubiderik ez zuela esanda. Presoek gogor deitoratu dute «igarotako 45 minutuko infernua».

Sua eragin zuen presoak arazo psikologiko larriak dituela adierazi dute euskal preso politikoek eta berriz ere kartzelan eta inolako tratamendurik gabe dagoela salatu dute. «Nork bermatzen digu gauza bera edo larriagorik berriz ez dela gertatuko?», itaundu dute gutunean.

Protesta ugari egin dute gertatutakoa salatzeko eta, kartzelariak arazoei konponbidea eman beharrean protesta egin dutenen kontra mehatxuka eta mendeku bila dabiltzala salatu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo