GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sokatira Lur Gaineko Euskal Herriko Txapelketa

Goiherrik hasieratik erakutsi du faborito argia dela

Erandioko taldeak 680 kilotako lehen jardunaldia irabazi egin zuen, eta berriro ere garbi utzi zuen aurtengoan ere txapelak lortzetik oso gertu ibiliko dela.

p035_f01_73859.jpg

Jon LEUNDA

Iazko bide beretik abiatu da aurtengo Lur Gaineko Euskal Herriko Sokatira Txapelketa, eta badirudi berriro ere Goiherri jaun eta jabe izango dela. Erandioko taldeak irabazi zuen 680 kilotako lehen jardunaldia, eta uste zen moduan Gaztedi izan zen bigarren postuan.

Erandion, Erandio Goikoa auzoan, hasi zen aurtengo Txapelketa eta pisurik handienarekin ekin zioten lehiari. Aurrez ere Goiherri iragartzen zen faborito bezala, eta aurreikuspen guztiak bete ziren: saioko tiraldi guztiak irabazi egin zituzten, jardunaldia lehen postuan amaitu eta pisu horretako txapela lortzeko faborito nagusiak direla argi eta garbi utziz.

Bigarren postuan sailkatu zen Gaztedi. Bizkaitarrak ematen du oraingoz Goiherri benetan estutu dezakeen talde bakarra, baina lehen jardunaldi honetan bigarren postuarekin konformatu behar izan zuten. Goiherriren aurka galdu egin zituen bi tiraldiak, baina gainerako talde guztiak nagusitasunez mendean hartzeko gai izan zen.

Mutriku sailkatu zen hirugarren postuan. Gipuzkoarrek aurrez aipatutako bi talde horien aurka galdu egin zuten, baina beste hiru aurkari mendean hartu zituzten, hirugarren postuan amaitzeko.

Laugarren Areso sailkatu zen. Nafarrek Getxoren eta Goiherriko bigarren taldearen kontra bakarrik irabazi zuten, eta laugarren postu horretan amaitu zuten, beste talde guztien aurkako tiraldiak galdu egin baitzituzten.

Bosgarren postuan, berriz, Getxoko taldea sailkatu zen, Goiherri B taldeari bakarrik irabazita eta gainerakoekin jokatutako tiraldiak galduta. Azken postuan, berriz, Goiherri B sailkatu zen, jokatutako saio guztiak galduta.

Lehen jardunaldiko puntuen arabera egina dago oraingoz sailkapen nagusia. Lehenengo Goiherri A dago 6 punturekin; bigarren, Gaztedi 5ekin; hirugarren, Mutriku 4rekin; laugarren, Areso 3rekin; bosgarren, Getxo 2rekin, eta azken postuan, berriz, Goiherri B puntu bakar batekin. Bigarren jardunaldia Berriatuan jokatuko da datorren igandean.

Amaiur

Nafarroan, berriz, Goma Gaineko Lauko Txapelketa ari da jokatzen lau mailatan. Gizonezkoetan, eta 320 kilotan, Amaiur taldea nagusi izan zen, eta atzetik Ttuku Ttuku, Baztango taldea, Txantrea, Basaburua eta Imotz sailkatu ziren. Sailkapen nagusian Amaiur dago lehen postuan.

Emakumezkoetan, 255 kilotan neurtu ziren, eta lehia handia izan zen talde guztien artean, eta sailkapeneko lehen postuan berdinduta geratu ziren Amaiur eta Beti Gazte, biak 4,5 puntu batuta. Sailkapen nagusian ere parean doaz. Atzetik, Sakana, Berriozar eta Basaburua-Imotz sailkatu ziren.

Txapelketa berean, baina mutiletan, eta 21 urtetik beherakoetan, Basaburua gailendu zen, eta atzetik berdinduta amaitu zuten Txantreak eta Amaiurrek, biek puntu eta erdi batu zuten lehen sailkatuarekin galdu eta beraien arteko norgehiagoka berdindu ostean.

Harri-jasotzea

Xabier Ostitz lapurtarrak bere marka onena egin nahi zuen 190 kiloko harri koadroa bizkarrean berdinduz, Herri Urratsen ospatu zen jaialdian, eta kirolari lapurtarrak ez zuen hutsik egin. Bere helburua ongi bete zuen, 190 kiloko harria bizkarrean berdintzea erdietsi baitzuen.

Ipar Euskal Herrian dabiltzan harri-jasotzaileak ez dira asko, eta bai Martikorena eta baita Ostitz ere lan onak egiten ari dira. Apurka-apurka beren markak hobetzen ari dira, eta hori, dudarik gabe, herri kirol munduarentzat, eta batez ere harri-jasotzearentzat, oso berri pozgarria da.

Gaztedi

Laukizko taldeak dirudi hasiera honetan Goiherri estu hartu dezakeen talde bakarra. Lehen jardunaldi honetan bigarren postuan amaitu zuen, baina ezin izan zuen ezer egin garaipena erdietsi zuen Erandioko taldearen aurka.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo