GARA > Idatzia > Kultura

Zinema dokumentalak berezko lekua izango du Zinemaldian

Donostiako 58. Zinemaldia abian da dagoeneko. Atzo iragarri zutenez, Don Siegel zuzendariari eskainiko zaio lehen atzera begirakoa; bigarrena berriz, zinema dokumentalari. «.Doc Ez Fikzioaren bide berriak» izenpean, generoa berritzea lortu duten lan esanguratsuenak izango dira ikusgai. Zazpigarren arteaz gozatzeko zita, irailaren 17 eta 25 artean izango da.
p042_f01_64210.jpg

O. LARRETXEA | DONOSTIA

Zinemaldia Donostiara irailaren 17an helduko den arren, atzo egin zen 58. edizioaren aurkezpena. Edurne Ormazabalek eta Aizpea Goenagak zuzendutako prentsaurrekoan, sekzio bakoitzak bere baitan hartuko dituen lanak eta nondik norako orokorrak aditzera emateaz gain, sail bakoitza irudikatuko duen kartelak aurkeztu zituzten gerturatu ziren hamaika argazkilari eta telebista kameren aurrean. Bertan iragarri zutenez, bi atzera begirako nagusi izango dira: Don Siegel eta zinema dokumentala, hurrenez hurren.

«Ikusle berriak erakartzen saiatuko gara bi atal hauekin -esan zuen Ormazabalek-. Zinemagile klasikoa da Siegel, obra garrantzitsuen sortzailea ere bai, esaterako, 60ko eta 70eko hamarkadetako polizia zinemaren berritzailea izan baitzen». Chicagokoaren lan ospetsuenen artean daude, besteak beste, «Dirty Harry» (1971) edo «Scape from Alcatraz» (1979). Batean zein bestean, Clint Eastwoodek hartu zituen paper nagusiak. Hain zuzen ere, atal hau ordezkatzeko zinemagilearen eta aktorearen garaiko argazki bat hautatu du Zinemaldiak. «Siegelen lanek eragin handia izan zuten Eastwoodengan, aktore zein zuzendari gisa», gaineratu zuten.

Bestalde, «.Doc. Ez fikzioaren bide berriak» izenaz aurkeztu zuten jaialdiko bigarren atzera begirakoa. Azken genero hau zinema garaikidearen «ezinbesteko» ataltzat jo zuten: «Azken urteetan zinema dokumental garaikidearen inguruan piztutako interesaren fenomenoak zalantzarik gabe, zinematografiaren egoera aldatu egin du», azaldu zuen Goenagak. «Dokumental» deitu beharrean, haien aburuz, egokiagoa da gaur egun ez-fikziozko zinema gisa tratatzea, izan ere, estilo honen bidez istorioak kontatzeko garaian, tonu serioak edota espresibitate eza «ez dira dagoeneko, nahitaezko osagaiak». Atal honen barruan, azken hamar urteetan generoa aldatzea lortu duten lan esanguratsuenak eskainiko dira. Lan horien artean, gai guztietakoak daude, izan ere, Goenagak adierazi zuenez, ez-fikziozko zinemak norabide guztiz «aurkakoak» hartu ditu, zinema pertsonalenetik hasita, dokumental faltsuak edo zinema-saiakera estiloa duten lanetaraino. Sail honetan ikusgai izango dira, besteak beste, Jose Luis Guerinen «En construcción» (2001) edo Lars Von Trier eta Jorgen Lethen «The five obstructions» (2003).

Kartel ofizialari dagokionez, azken hiru edizioetan bezala, Oscar Merine madrildarra izan da diseinuaren arduraduna. Irudi xumea hautatu du Merinek, zurian eta beltzean oinarrituta. Zinemaldiko zuzendari Mikel Olacireguik azaldu zuenez, irudiko begiradak «zinema klasikoa oroitarazten du, baina aldi berean, begirada zirikatzailea da, gaztea eta kuxkuxeroa». Atal nagusiaren edukiari dagokionez, Olacireguik ez zuen ezer aurreratu nahi izan: «Hiru hilabeteotan buru-belarri arituko gara sekzio nagusiko 16 film luzeak hautatzen».

Aurrekontuen murrizketa dela-eta, iaz bezala, egun bat gutxiago izango du Zinemaldiak aurten ere. Irailaren 17tik 25era, bederatzi egun izango dira guztira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo