GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Ariane Kamio Kazetaria

«Lekuona Hoteletik» badago zer ikasia

Agian orain ohitu egin naiz, baina lehen «kultura» hitza entzuten nuen bakoitzean beldurraren eta gogoaren arteko sentipen batek hartzen ninduen. Ez dakit oso ondo zergatik, agian nire eskura ez zegoen beste galaxia bateko jakituria zela uste nuelako, pentsalari handien arteko hizketa joko baten antzekoa.

Hitz hori entzutean, gauza garestien kutsua hartzen nien berarekin lotutako terminoei; edonoren eskura behar lukeenak bakan batzuen gozatualdirako soilik balio zuela uste bainuen. Eta hala pentsatzen jarraitu izan dut orain gutxira arte. Zinemara, antzerkira, zirkura... joatekotan, poltsikoa txanponez lepo izatea komeni da, nahiz eta inork ez ziurtatu ikusiko duzun horren kalitatea ordainduko duzunaren maila berera iristen denik.

«Ole, maestro», esaten zion batak besteari, aulki banatan eserita zeudela, mikrofonoak erdi makurtuta aurrean noiz abestuko zain zituzten bitartean. Gitarra flamenkoa etxean ahaztu zuten antza, eta txaloak erritmoaren astinaldi berberetan emateko ez zuten erraztasun handirik erakusten, baina ahotsa... a ze nolako ahotsa koplak ateratzeko orduan. Ez ziren flamenkoak, baina Lola Flores eta Rocio Juradoren seme euskaldunak izan zitezkeen lasai asko. Inork ikusi al ditu inoiz Xabi Paya eta Andoni Egaña «tablao» baten gainean bertso flamenkoak botatzen? Nik bai, eta Lasarteko «Lekuona Hotelean» ostatu hartu zuten beste hainbatek ere bai.

Herriko kultura mugimendu guztien artean, euskal dantzarietatik hasi eta flamenkokoetaraino, bertsolari, tango dantzari, pailazo, koru eta antzerki taldeek, lortu zuten aspaldian inork egin ez duena; behingoz, herri bereko diziplina guztiak obra bakar batean txertatzea eta, hori gutxi balitz, kulturaren garestitasunari bizkarra ematea. Ikuskizunaren amaieran, ikusleak ezin gusturago bi ordu iraun zuen antzerki-bertso-dantza saioarekin eta antolatzaileak are gusturago herri mailan egindako lana herriko jendearengana heldu zelako. Marketin kanpainarik onena herrian sortutakoak ematen duena da. Eta guztia, hiru euroren truke. Nork esaten du obra onak ikusteko poltsikoan zuloak egin beharra dagoela?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo