«Pilotari askok oso agur iluna izan dute, eta nik behintzat izan dut nire loriazko minutua»
Pilotaria
Aspen zortzi urte eman ostean, igandean jokatu zuen bere bizitza profesionaleko azken partida Astelena pilotalekuan. Aulestiarrak hasieran ez zuen nahi partida berezia izatea, baina jendearengandik jasotako berotasunak iritzia aldarazi dio. Pilotaren arra oraindik barruan darama eta Garfen jarraituko du. Uda ondoren afizionatu bezala aritzea ere ez du inondik inora baztertzen.
Jon ORMAZABAL
Pilota barru-barruan sartuta dauka Xabier Urberuagak eta herriko pilota eskolak uzten dion tarte batean erantzun dio aulestiarrak GARAren deiari.
Zer gorputz geratu zaizu igandean Astelenan Asperekin jokatutako azken partidaren ostean?
Amaiera hau aurreko astean konfirmatu zen, baina nik gutxi gorabehera azken hilabete eta erdian banekien zer gertatuko zen. Cabrerizorekin bigarren mailako aurrekanporaketa galdu ostean, ikusten nuen enpresak ez zuela nirekin kontatzen. Nire burua egina zegoen, kontratua maiatzaren 31n bukatzen dut, baina asteazkenean esan zidan Fernando Vidartek azken partida izango zela, eta behintzat izan nuen nire loriazko minutua.
Zortzi urte egon naiz Aspen eta pilotari asko ikusi ditut amaiera nahikoa iluna izan dutenak. Nirekin gutxienez prentsan agertu da azkeneko partida zela, herritik lagun batzuk hurbildu ziren, argazki batzuk atera zizkidaten... eta nahiko pozik. Partidan zehar izan nuen pena apur bat, Eibarren eta Asperekin gehiago jokatuko ez nuela oroitu nintzen eta hori izan zen beti nire ametsa. Garfen hasiko naiz jokatzen, burua hor daukat, etapa bat amaitu da eta berri bat hasteko ilusioarekin.
Hasieran ez zenuen nahi jendeak jakitea azkeneko partida izango zenuela. Berdin pentsatzen jarraitzen al duzu?
Beharbada ez. Vidartek esan zidanean ez nuen uste prentsara zabalduko zenik, eta inori ez esatekotan egon nintzen, enpresan gera zedila, partida jokatu eta kitto. Igandekoa ikusita, ni ere nahikoa lasai egon nintzen, eta gutxienez izan nuen nire loriazko minutua, jendea txaloka-eta; orain ikusita, horrela hobeto. Pilotari asko joan dira nahiko era ilunean eta ni alderdi horretatik nahiko pozik nago.
Gero eta gehiago zarete enpresa handiak utzi eta txikiagoetan jokatzen ari zaretenak. Badago pilotan beste mundu bat Aspe eta Asegarcetik at.
Nahiko talde polita bildu gara. Enpresa handietan egondako nahiko pilotari gaude baina erabat desberdina da. Aspen zaudenean dirua jokatzen da eta beste presio bat dago. Hemendik aurrerakoa herriko jaietakoak izango dira, partida gehienak lagunartekoak. Ea partida asko hemen, Euskal Herri inguruan ditugun. Garfe asko mugitzen da Soria eta Salamanca buelta horretan eta nik bidaia luzeak egiteko gogo askorik ez daukat. Baina bueno, udan ikusiko dut zer gertatzen den, pozik banago jarraituko dut eta bestela afizionatu maila ere hor dago eta ez dut baztertzen ezer. Orain Garfen ilusio handiarekin nago hasteko, batez ere oso talde ona eta profesionala dagoelako.
Zeintzuk dira zure oroitzapenik onenak, Bigarren mailako buruz burukoa, binakakoa eta iaz Aimarri Astelenan emandako lanak?
Oroitzapenik onena ni Garfetik Aspera pasa nintzenekoa izango da. Momentua oso handia izan zen, ez nuen espero halako enpresa handi batera pasatuko nintzenik. Ez nuen uste aukera hori izango nuenik eta oso une polita izan zen.
Gero, profesionaletan beti izan dut buruan txapel bat lortzea, bigarren momentu onena horixe izan zen, txapela eta bigarren mailako palmaresean nire izena agertzea oso handia izan zen. Bigarren txapela eta Aimarren kontrako partida politak izan ziren baina besteak gehiago nabarmenduko nituzke.
Txarrenen artean, azken hilabeteak egongo dira ziurrenik, txapelketetatik at eta jokoz ahul.
Aurtengo lehen lau hilabeteetan igarri nuen. Binakako txapelketan ez nintzen sartu eta usain txarra hartu nion. Gero esan zidaten bigarren mailakoan ez nuela jokatuko eta aukera bat eskatu nien, nire maila erakusteko eta ea ligaxkan sartzerik nuen, euren iritzia aldatzeko. Cabrerizorekin nahiko presionatuta irten nintzen, bera oso ondo aritu zen eta ez nuen izan aukerarik. Astebete oso txarto egon nintzen, banekielako Aspeko azken partidak izango zirela. Iazko urtea oso ona izan zen, baina azaroan lesio batekin hasi nintzen eta hortik aurrera ez dut nire jokorik onena hartu eta azken hilabeteak ez dira izan oso politak.
Zurea bezalako adibideekin gero eta argiago geratzen al da elitean gutxiagorentzat lekua dagoela?
Aurtengo sistemarekin ikusi da aukera asko daudela bakarren bat lesionatu eta txapelketa hankamotz geratzeko. Ez dakit hurrengo urtean mantenduko duten, nik ez dut esaten hogei pilotarik jokatu behar dutenik baina bai zortzi baino gehiagok. Nik uste dut nahiko polita dela gazteak azpitik etorri eta sorpresa moduan hor aurrean egotea, zeren bestela beti aurpegi berdinekin... Agian urtebete bai, baina ikusten da frontoian ere espero zena baino jende gutxiago dabilela eta ni lehengo sistemara itzuliko nintzateke.