GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Lakuako Gobernua, abertzaletasuna jomugan jarrita, iraganari begira

Gasteizko Gobernuko Barne Sailak atzo aurkeztu zuen web orriak «terrorismoaren kontrako webgunea» du izena baina, Gobernu horren jardun propagandistiko guztiek bezala, ez da eman lezakeena edo eman dezan nahi dutena. Salatarien gune hori ez da indarkeriaren aurkako borrokarekin kolaboratzeko tresna, ETAren aurkako propaganda tresna baizik, eta bide batez, edo batez ere, oro har ezker abertzalearen aurkakoa. Lakuako Barne Sailak Ertzaintzaren webgunean dioenez, ETAk, orain dela 50 urte sortu zenetik, ekintza ugari egin ditu, eta Barne Sailak, jakina, ez du beste ekintza gordinik, beste indarkeriarik sumatu 50 urte horietan. Nolanahi ere, hain zuzen erakunde armatuaren ekintzarik ez dagoenean, hain zuzen inoizko kale eraso gutxien dagoenean abiatu dute webgunea. Ezker abertzaleak bere eztabaida bukatu eta indarkeriarik gabeko estrategia aldarrikatu duenean. Beraz, Estatua benetan zerk ikaratzen duen kontuan izanda bakarrik uler daiteke zergatik biderkatu nahi duten beren asmo propagandistikoa.

Salatarien gune horrek argi erakusten du bere jomuga: ezker independentista, baina harago ere jotzen du, web orriko bideoan ikusten denez, indarkeria, indarkeria bakar gisa aurkezten dutena, ikurrinarekin eta, beraz, euskal abertzaletasun osoarekin identifikatuz.

Barne Sailaren webgune horrek Ipar Irlandako crime stoppers direlakoak gogorarazten ditu. Izan ere, hango eta hemengo iraganeko metodo eta trikimailuak indarrean baititu. Bitxia gertatzen zen Britainia Handian Sinn Féineko bozeramaileen ahotsa ezin agertu eta aktoreak erabili behar izatea. Estatu espainolean, ordea, hartarako ez dute aktorerik behar, ezker abertzalearen ahotsak besterik gabe isilarazten dituzte-eta. Badirudi Estatuak Irlandara begiratzen duela; hala ere, hango -eta hemengo- orainari eta etorkizunari begiratu beharrean, iraganari begiratzen dio. Jarrera hori normala gertatzen da gabezia demokratiko handia duen estatu baten testuinguruan. Ez da horren normala, ordea, hedabide nagusiak Estatuaren estrategia errepresibo itsu horrekin lerratzea, agerian geratzen baita beren jokabide irizpideak ez direla inondik inora kazetaritzakoak; izan ere, kazetaritzaren ikuspegitik duen interesak eta herritarren informazio eskubideak berak eskatzen dute-eta ezker abertzalearen eztabaidak sortutako agertoki politiko berriarentzako, haren bozeramaileen ahotsarentzako leku nabarmena.

Hala behar luke estatu demokratiko batean, baina Rodolfo Aresen Sailak atzo berriro argi utzi zuen bezala, bestelako testuinguru batean gaude: errepresioa salatzea edo euskal presoekiko elkartasuna «terrorismoa goraipatzea» edo «biktimak iraintzea» da, eta salatariak behar dituzte «indarkeria» suntsitzeko. Abertzaletasuna deuseztatzeko, alegia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo