GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Xabi Castro Gonzalez Administrazioan Euskaraz taldea

Nafarroako administrazioetan ere euskaraz bizitzeko eskubidearen alde

 

Nafarroako Gobernuaren plantillan 20.000 langile baino gehiago dago. Irakasleak alde batera utzita, euskara jakitea 208 lanpostutan bakarrik da beharrezkoa. Osasunbidean hizkuntza eskakizuna duten 59 lanpostu daude «eremu euskaldunean». Hauetan mailarik baxuena eskatzen da. Hezkuntzan, 120 lanpostuk dute hizkuntza eskakizuna, Euskarabideko eta euskaltegiko irakasleak barne. Hori da, nolabait, euskara irakaskuntzarekin lotzen delako. Hortik kanpo, euskaldunok ez omen gara bizi. Ondorioa garbi dago: lanpostu ia-ia guztietan ez da beharrezkoa euskara jakitea. «Eremu euskalduna» deitzen dioten horretan, ikastetxeak eta osasun etxeak alde batera utzita, postu batean bakarrik eskatzen da euskara.

Nola jasoko dugu euskaldunok arreta euskaraz? Nola funtzionatuko du euskaraz Nafarroako Gobernuaren Administrazioak? Hori lortzeko bidea benetan luze aurkezten zaigu, datu horiekin.

Iruñeko Udalak 1.436 langile ditu. 36 lanpostutan eskatzen da euskara jakitea. Hemen ere garbi dago euskaraz funtzionatzetik edo euskaldunak euskaraz artatzetik nahiko urruti dagoela Iruñeko Udala.

Estatu espainoleko Administrazioak 835 langile ditu. Soilik bi lanpostutan eskatzen da euskara jakitea. Administrazio gehienak nahiko arrotzak baldin baditugu euskaldunok, hori dugu arrotzena, zalantzarik gabe.

Zenbaki horiek aski eskasak izanik ere, ematen du jendea euskaraz artatzeak nolabaiteko ardura sortzen diela gure Administrazio nagusiei. Ez da inondik inora horrela. Badira hainbat trikimailu araudi eskasa are eskasagoa bihurtzeko, ia suntsitzeraino:

-Oinarrizko euskara maila eskatzen da batzuetan, atea gehiegi ez estutzeko. Adibidez, Osasunbidean 59 lanpostuk dute hizkuntza eskakizuna, baina guztiak oinarrizko mailarekin. Oinarrizko mailak, adibidez, ez du euskara idatzia ahalbidetzen. Maila hori duten postuak 75 dira denetara Foru Administrazioan.

-Administrazio honetan, «eremu euskaldunean» postu guztiek dute euskara merezimendu gisa, baina lanpostu horiek betetzeko gehienetan ez da oposizio-lehiaketa egiten, baizik eta oposizio hutsa. Beraz, ez merezimendurik, ez eskakizunik.

-Iruñeko Udalean ere antolatuta dago iruzurra: hizkuntza eskakizunak jartzen dira beterik dauden lanpostuetan (langile erdaldunekin, normalean). Euskarazko zerbitzua ez da bermatzen, baina pentsa liteke etorkizunean lanpostua libre geratzen bada, gauzak behar bezala egiten hasiko direla. Errealitatea, batzuetan, ez da horrela. Lanpostua libre geratzean, hizkuntza eskakizuna kentzen zaio eta beterik dagoen beste bati jartzen zaio. Hizkuntza eskakizuneko lanpostuen aldi baterako ordezkapenak egiteko kontratuetan, batzuetan helegiteak jarri behar izan dira, hizkuntza eskakizuna mantentzeko.

Askotan helegiteen bidez lortu behar izan dira postuak, Iruñeko Euskara Zerbitzuan, kasu. Beste batzuetan, Foru Administrazioan bezala, epaileen aurrean galdu dutena aurrekontuen legearen bitartez aldatu dute, inolako arazorik gabe, langileen lekuz aldatzeko eskubidearen murrizketa, adibidez.

Estatu espainoleko Administrazioan berdin gertatzen da. Euskara jakitea merezimendu gisa hartzeko Ministerioko Aginduan zehaztutako irizpideak ez dira normalean betetzen. Lortzen denean, bakarrik %1eko balorazioa izaten da.

2008ko abenduaren 10ean Europako adituen txostena onartu zuen Europako Kontseiluak, Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Kartaren aplikazioaz. Europako adituek zenbait gomendio egin zieten nafar administrazioei euskararen erabilera bermatze aldera. Duela gutxi Arartekoak argitaratu zituen bereak ere, Legebiltzarrean aurkeztutako txostenean. Haien artean langile euskaldunen portzentajea gehitzeko neurriak hartu behar zituztela. Administrazioek kasurik ez edo kontrakoa egiten dute.

Kontseiluak deitu duen manifestaziora joateko deitzen dugu. Euskal komunitate osoak erran behar du hemen gaudela, erasoek ez gaituztela geldituko. Euskararen kontrako diru-murrizketen, erasoen, injustizien, babes ezaren eta gainerakoen aurrean indar erakustaldia egin behar dugu, eta beste egoera batera eramango gaituzten oinarriak jarri. Administrazioan ere euskaraz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo