GARA > Idatzia > Ekonomia

EAEko Hezkuntza Sailak, CCOOk eta UGTk aurreakordioa sinatu dute

Unibertsitatekoak ez diren irakasleen lan baldintzak arautzeko aurreakordioa sinatu zuen atzo Lakuako Hezkuntza Sailak CCOO eta UGT sindikatuekin. Alta, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko irakasleen ordezkaritzaren %65 inguru dutenek, ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuek, aurreakordioa murrizketaz josita dagoela salatu zuten eta irakasle guztiei maiatzaren 25eko greban parte hartzera dei egin zieten, «behin betiko akordioa baldintzatzea funtsezkoa delako».

p024_f01_250x112.jpg

GARA |

Gasteizko Gobernuko Hezkuntza Sailak eta CCOO eta UGT sindikatuek unibertsitatekoak ez diren irakasle funtzionarioen lan egoera arautzeko aurreakordioa sinatu zuten atzo. CCOOko hezkuntza arloko arduradun Pablo Garcia de Vicuñak ituna irakasleentzat «egokia» dela adierazi zuen arren, hiru herrialdeetako irakasleen ordezkaritzaren %65 inguru duten sindikatuek, hots, ELAk, LABek eta STEE-EILASek «oso txarra» dela baieztatu zuten. Hala, aurreakordio horren aurka egiteko, irakasle guztiei maiatzaren 25erako deitua duten greban parte hartzera dei egin zieten, «izenpetutakoa oinarrien proposamena» delako eta, beraz, «guztiz posible eta beharrezkoa da, mobilizazioaren bitartez, behin betiko akordioa baldintzatzea eta hobetzea», adierazi zuten.

Aurreakordioak irakasleen lan baldintzetan nahiz ikastetxe publikoetako irakaskuntzaren kalitatean atzerapauso garrantzitsuak ekarriko dituela baieztatu zuten ELA, LAB eta STEE-EILASek. Izan ere, «aurreakordioaren bizkarrezurra» murrizketa dela esan zuten, «murrizketa asko eta murrizketa sakonak». Zentzu horretan, Hezkuntza Sailak datozen urteetan ikasle gehiago izango dituela ez duela inoiz ezkutatu gogoratu zuten sindikatuek. Aitzitik, eskoletara baliabide gehiago bideratzeko asmorik ez duela kritikatu zuten, eta soilik irakasleen lan zama handitzea proposatzen duela.

Neurri ugari kolokan orain

Aurreakordioan jasotako lan baldintzek 2010-2012 urte arteko iraunaldia izango dute eta Lan Eskaintza Publikoaren bidez 3.600 lanpostu sortzeko deialdia egiteko asmoa ere jasotzen du. Era berean, Lakuako Gobernuko gainerako funtzionarioek bezala, 2010. urterako soldatak %0,8 igotzea aurreikusten du aurrehitzarmenak, baita irakasleek 60 urterekin erretiratzeko aukera izatea ere. Hala ere, Maria Soledad Esteban Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzu sailburuordeak atzo Estatu espainoleko lehendakari Jose Luis Rodriguez Zapaterok iragarri zituen murrizketa-neurriek aurreakordioaren eduki batzuetan eragina izan dezaketela iragarri zuen.

Hiru sindikatuek, berriz, aurreakordioak murrizketa eta atzerapauso ugari jasotzen dituela esan zuten. Hala, oro har, ikastetxeetako langile taldeak txikitu egingo dituztela edota behar beste handituko ez dituztela azaldu zuten. Ordezkapenen egoera ere okertu egingo dela baieztatu zuten, eta konturik larriena Lehen Hezkuntzako tutoreen bajak bosgarren egunera arte eta Bigarren Hezkuntzako irakasle guztienak seigarren egunera arte ez betetzeko erabakia dela adierazi zuten. Hezkuntza Premia Bereziei dagokienez, kasu horien definizioa aldatzeak berak murrizketa larria dakarrela azaldu zuten, eta definizio berriarekin izaera hori ikasle «askoz gutxiagori» aitortuko dietela esan zuten.

Irakasleen hizkuntza prestakuntzarako programan ere, IRALEn alegia, eskainiko den plaza kopurua nahiz ikastaroen iraupena murritzagoak izango direla baieztatu zuten.

CCOO eta UGTrekin aurreakordioa sinatu ostean, Esteban sailburuordeak bi sindikatu horiek «erantzukizunez» jokatu izana eskertu zuen. ELAk, LABek eta STEE-EILASek, aldiz, CCOOk eta UGTk «horrenbeste murrizketa eta atzerapausoz» beteriko proposamena sinatzea «sinesgaitza» dela adierazi zuten. Halere, «sindikatu horien ibilbidea ikusita, ez gaitu hainbeste harritu», gaineratu zuten.

Bestalde, ELA, LAB eta STEE-EILABek, «beste behin ere» akordioa gutxiengo batek sinatuko duela adierazi zuten, «hiru sindikatuok ordezkatzen dugun iritziaren eta gehiengoaren aurka». Horrela, «funtzionamendu demokratikoaren printzipioak zokoratzen dira, inposizioa erabiliz», salatu zuten. Azkenik, maiatzaren 25eko greba deialdia babestu eta bertan parte har dezaten dei egin zieten Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko ikastetxeetako irakasle guztiei.

MAIATZAK 25

ELAk, LABek eta STEE-EILASek aurreakordioa, «irakasle gehienen borondatearen aurka» eta gutxiengoaren adostasunez izenpetu dela nabarmendu zuten. Mobilizazioaren bitartez behin betiko akordioa baldintzatzea eta hobetzea «posible eta beharrezkoa» delako maiatzaren 25eko grebarekin bat egitera deitu zituzten Gipuzkoa Araba eta Bizkaiko ikastetxeetako irakasle guztiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo