GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Lander GARRO Idazlea

Atez ate

Gauza bitxia da kapitalismoa, mugimenduarekiko daukan premia aseezin hori. Hondoratu egiten da geldirik dagoenean, eta, mugimenduan hasi orduko, hobe guztiok gure etxeetan ondo gordeta babestea. Ze mugimendu hori izan daiteke gerra bat urruneko herrialderen batean (haiek beti daude gure merkatuaren alde hiltzeko prest), eta izan daiteke autobide bat hemen, tren bat habiadura handikoa, edo etxebizitza multzo bat beste punta hartan. Kontua da kapitala eta hondeamakinak batetik bestera mugitzea, eta (gobernuek) zergen bidez lortutako (gure) dirua (gobernukideen) enpresa handien artean banatzea. Ez da horren zaila. Umeek ere uler dezakete. Azken diru dantza Zubietako errauste planta berriaren inguruan dantzatzen ari gara. Kanpotik ikusita hondakinen inguruko eztabaidak arrazoizkoa ematen du. Badirudi benetan bi iritzi daudela aurrez aurre. Zaborra atez ate bilduta ongarri bilakatu nahi dutenak alde batetik, eta zaborra erre nahi dutenak bestetik. Baina eztabaida, zinez, beste bat da. Eztabaida da nola lortuko duten kapitalak alde batetik besterako bidea egitea, hots gure patriketatik enpresari handien patriketara. Hortik aurrerako antzerki guztia, horixe da, antzerkia. Lehengoan, Hernanin zaborra biltzen hasi ziren egunean, “Diario Vasco” egunkarian irakurri nuen kaleak zaborrez bete zirela, eta, hori gutxi balitz bezala, «zaborren artean errumaniarrak ibili zirela». Hauxe falta zitzaien esatea: «errumaniarrak ugalduko dira, labezomorroak bezala». Kontua ez baita zinez eta serioski eztabaidatzea, kapitala toki aproposean jartzea baizik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo