GARA > Idatzia > Mundua

103 lagun hil dira Libian hegazkin batek lurreratzean izandako istripuan

Tripoliko aireportuan lur hartzera zihoala Airbus A330 hegazkinak istripua izan zuen eta bidaiari guztiak zendu ziren, zortzi urteko haur herbeheretar bat izan ezik. Islandiako sumendiak eragindako errautsek ezbeharrean zerikusia dutenik baztertu dute Libiako agintariek.

p022_f01_148x108.jpg

GARA |

Johannesburgetik (Hegoafrika) Libiako hiriburuko aireportura zihoan Airbus A330 hegazkinak istripua izan zuen pistan lurra hartzera zihoanean. Ezbeharrean 103 lagun hil ziren, hegazkinean zihoazen guztiak zortzi urteko haur herbeheretar bat izan ezik, Libiako aireportuko iturrien informazioaren arabera.

Ezbeharra zerk eragin zuen aztertzen ari dira, baina Islandiako sumendiak jaurtitako errautsek eraginik dutenik baztertu dute. Izan ere, Afrikarantz egin dute errautsek , baina Marokon baino ez dute kalterik eragin eta istripua gertatu zenean eguraldi ona zen. Halaber, «eraso terrorista» bat izan denik ere ukatu zuten.

«Erabat baztertzen dugu ezbeharra eraso terrorista baten ondorio izan den hipotesia», baieztatu zuen prentsaurrekoan Garraio ministro libiarrak, Mohamed Zidanek.

«Hegazkinak 104 lagun zeramatzan; 93 bidaiari, 62 herbeheretar eta tripulazioko 11 kide», argitu zuen ministroak, baina horietatik 96 gorpu baino ez zituztela aurkitu zehaztu zuen.

Libiako funtzionarioen esanetan, hildakoetatik 22 libiarrak ziren, baina ez zuten zehaztasunik eman gainerako hildakoen jatorriaren inguruan.

Haur bat bizirik

«Bizirik ateratako bakarra» zortzi urteko haur herbeheretar bat izan zen eta ospitalera eraman arren, haren bizitza arriskuan ez dagoela ziurtatu zuen Zidanek.

Herbehereetako Turismo Federazioak hildakoetatik 61 herbeheretarrak zirela baieztatu zuen. Tripulazioko kide guztiak libiarrak ziren.

Iragan urteko irailean sortutako Al-Afriqiyah konpainia afrikarreko lege arloko arduradun Sale Ali Salek esan zuenez, ezbeharra gertatu zen lekuan aurkitu dituzte kutxa beltzak eta istripua zerk eragin duen aztertzeko hainbat talde bidali dituztela ziurtatu zuen atzo arratsaldean. Gainera, hegazkinak kontrol tekniko guztiak gaindituta zituela baieztatu zuen konpainiak.

«Ziurrenik, talkaren ondorioz hil ziren, ez bainuen entzun sua zegoenik. Hegazkina arin zihoan eta ezbeharra lurreratzeko gutxi falta zuenean gertatu zen», nabarmendu zuen.

Airbus konpainiako arduradunek ere ohar bat igorri zuten hegazkina haiek fabrikatutakoa zela baieztatuz. «Airbusek erabateko laguntza teknikoa eskainiko die ezbeharraren inguruko ikerketen arduradunei», esan zuten.

ARRAZOIAK

Hipotesi horiek ere aztertzen aritu ziren arren, atzo bertan baztertu zuten ezbeharra eraso baten ondorio izan denik edota Islandiako sumendiaren errautsek zerikusirik dutenik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo