GARA > Idatzia > Kultura

Luis XIV.a: absolutismoan bermaturiko 54 urteko erreinua

350 urte igaro dira Luis XIV.a erregea Donibane Lohizuneko elizan ezkondu zenetik. Urteurren hori handizki ospatuko du Herriko Etxeak, Frantziaren eta Espainiaren arteko lotura historikoa eta adiskidetasuna nabarmentzeko. «Le Roi Soleil» delakoak 54 urte iraun zituen agintean; horietatik 33 gerlapean, historialariek gogorazi dutenez.

p040_f01_148x9.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

1660ko ekainaren 9an ospatu zituzten Luis XIV.a Frantziakoaren (1638-1715) eta Maria Teresa Austriakoaren (1638-1683), Espainiako Felipe IV.aren alaba zaharrenaren, arteko ezteiak. Donibane Lohizuneko eliza aukeratu zuten «ezkontza politiko» hori gauzatzeko. 350 urte igaro dira ordutik, eta Lapurdiko kostaldeko herri honek Luis XIV.a monarka horren irudia handizki ospatzea erabaki du.

Herriko Etxeko kultura arduradunen erranetan, gertakari hori ospatuz, «Espainia eta Frantziaren arteko bost mendeko harremanaren memoria» berpiztu nahi izan dute. «Harreman horiek pasionalak, mugituak, historiak eragindako harat-hunatez eginak izan dira. Baina, adiskidetasunean bermatuak dira», adierazi zuten. Luis XIV.a edo «Eguzki erregea», izen horrekin ezagutzen baitzuten, monarka absolutuaren prototipotzat jo izan dute historialariek. Haren ezkontzak aztarna ugari utzi ditu Donibane Lohizunen, eta elizako ate hormatua da guztien artean ospetsuena. Horrekin batera, erregearen izena dakarren plaza, etxea eta haren irudia azaltzen duten estatuak badira ere.

Baina, gurean historia «elite baten ikuspegitik ikusten dela» gogoan hartuz, Peio Etcheverry-Ainchart historialariak ospakizun horiek aitzakiatzat harturik, pertsonaia hori eta, garaiko gizartea birkokatu nahi izan ditu, Luis XIV.a eta Euskal Herria ardatz dituen liburua kaleratuz (Elkar). «Nahi nuen liburu bat egin publiko zabal batek ikus zezan zer zen Luis XIV.aren garaiko gizartea», nabarmendu du. Liburua kaleratzearekin Donibane Lohizunen abiatu dituzten ospakizunen inguruko kritika zabaldu du historialariak.

«Teorikoki ospatu behar ez den zerbait ospatzen ari dira. Luis XIV.a monarka absolutua zen. Donibane Lohizunen ezkondu dela jakinaraztea ez dut horretan deus erratekorik, baina ospatzea beste zerbait da», argitu du. Ezkontza horrek eta Bidasoa ibaiko Faisaien uhartean izenpetu zen itunak garaiko geopolitikan izandako garrantzia aipatzeaz gain, Luis XIV.aren garaian Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako gizartea zer-nolakoa zen aztertzen du Peio Etcheverry-Ainchart historialariak.

Garai latzak

Garaiko gizarteari dagokionez, «naturak bere menpe duen gizarte» bat zela argitu zuen historialariak. «Bizitza oso zaila zen. Izozte garai batean gaude, eta heriotza tasa oso altua da. Herritarrak lan sasoien arabera bizi dira, eta mailetan banaturiko gizarte bat da: noblezia, hirietako burgesia, eliza eta herri xehea. Gizarte fededuna zen». Gizarte eredutik at, Luis XIV.aren garaiko historia ez zela inondik ere «alaia» nabarmentzen du Etchveberry-Ainchartek.

Luis XIV.aren erreinua 54 urteko absolutismoa izan zen. Horietarik 33, gerlan iraganak. «Euskal Herria horretan sartua zen ere. Euskaldunak gerlara deituak ziren, eta horrek ondorio ekonomiko latzak izan ditu. Lau urteko, urtebete Armadari eman behar zioten. Garai horretakoak dira jansenismoa eta protestanteen aurkako borrokak».

Euskal Herriko politikari dagokionez, absolutismoaren sorrerarekin tokian tokiko erakundeak kaltetuak atera ziren. «Baziren tokiko instituzioak. Esate baterako, Lapurdiko Biltzarra. Matalasen oldartzea garai horretakoa da», zehazten du. Aipatutako liburuan, Luis XIV.aren erreinuaren balantze negatiboa egiten du Peio Etcheverry-Ainchartek, beraz. XXI. mendeko ikuspegitik 1600. urteko gizartea ezin daitekeela epaitu kontuan hartzen du historialariak, aldiz «erabaki dezakegu zer atxiki daitekeen garai horietatik».

Donibane Lohizunek egiten dituen ospakizunak gogoan harturik «historia folklorizatua eta edertua ez da jendartearentzat mesedegarria», erran du. «Luis XIV.aren ezteiak Faisaien egin zen tratatuaren deklinabidea baizik ez zen izan. Ekintza diplomatiko bat azkartzeko egin ziren», bukatu zuen.

Kultur ekitaldi ugari

Erakusketak, hitzaldiak, proiekzioak eta musika emanaldi askoren bidez ospatuko da datorren igandetik, hilaren 16tik, ekainaren 13ra arte, «Luis XIV.a 350 urteren ondotik, ezkontza frantses espainiarra» izeneko egitarau aberatsa. «350 urteren ondotik, herriak Europari bakea ekarri dion gertakaria ospatu nahi dugu», adierazi zuten Herriko Etxekoek.

Horrenbestez, hilabetez aldizkatuz joanen diren ekitaldi horien bidez, Luis XIV.aren erresuman izandako kultur aberastasuna ere goraipatu nahi dute. «Luis XIV.aren garaian giro artistiko aberatsa izan zen. Kultura aberats hori Europa osoan zabaltzea lortu zuen errege honek. Ikuskizunetan dantza barrokoa eta euskal dantzak izango dira», argitu zuen kultura arduradunak. Webgune berezi bat zabaldu dute ospakizun hauen karira (louis-xiv-350-ans-apres.jimdo.com).

Ekitaldiak ekainera arte

Maiatzaren 16an San Joan Bataiatzailearen elizan eginen den organo kontzertuarekin hasiko dituzte ospakizunak. Hilabetez azalduko diren ekimen ugarien artean, honakoak: Ravel aretoan Santa Maria kolegioko ikasleek «Luis XIV.a» pastorala emanen dute; herriko portuan Frantziako itsas armadako «La Belle Poule» izeneko bela karratudun goleta sartuko da; musika emanaldiak ere izango dira. Ekainaren 11n, Frantziaren eta Espainiaren arteko bost mendetako harremanak aztertuko dituzte, hainbat aditu bilduko dituen mintzaldia, eta, Luis XIV.aren omenez meza ere eginen da.

A.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo