GARA > Idatzia > Kultura

Musikastek Luis de Pablo omenduko du bere 80. urtemugan

Maddalen LARRINAGA | ERRENTERIA

Eresbil musikaren euskal artxiboak eta Andra Mari kultur elkarteak antolatutako Musikaste euskal musikaren asteak Luis de Pablo musikagile bilbotarra omenduko du bere 80. urtemugaren karietara. Hala, Errenteria Hiria kulturgunean kontzertu bat eskainiko da bere obra interpretatuz.

Aurtengo hau 38. edizioa izango da eta datorren larunbatetik hilaren 22ra arte iraungo du. Nobedadeen artean, Golden Apple Quartet eta Kukai dantza taldearen Soka2 ikuskizunak ageri dira, eta Intonationes talde berria ere aurkeztuko da. Horrez gain, Bilboko Banda Sinfonikoa ikusi ahal izango da lehen aldiz astearen amaieran.

Euskal musikaren aurtengo astean, larunbateko eta igandeko ekintzak indartu dira, goiz eta arratsaldez ekitaldiak antolatuz. Igandean musika erlijiosoaren txanda izango da: Jasokundeko Andre Mariaren elizan meza berezia izango da eta 10.50ean Oscar Candendoren eskutik, organoaren bakarkako saioa entzun ahal izango da.

Hilaren 19an, musika garaikidea izango da protagonista eta, bertan, Luis de Pablo musikagilearen inguruko egitaraua antolatu dute. Horrela, SGAEk eta Musika Auditorium Nazional espainolak antolatutako omenaldiarekin batera aipamena egingo da Errenterian. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak kontzertua eskainiko du Madrilgo Musika Auditorium Nazionaleko areto sinfonikoan hilaren 20an, 19.30ean, eta hurrengo egunean Luis de Pablo berak, eskola magistrala emango du auditorioko areto nagusian «Frondoso misterio Passio» izenburupean.

Krisia ez da oztopo

Antzinako musikari buruzko egunean, maiatzaren 20an, Juan Garcia de Salazar arabarraren lana ekarriko da gogora. Horrez gain, gitarra eta ahotsentzako egindako obren interpretazioak izango dira, non, besteak beste, Pablo Sorozabalen obren ziklo bat interpretatuko den.

Ikasleentzako antolatutako ekintzak ere izango dira aurten. Izan ere, Iruña Brass taldeak, maiatzaren 20 eta 21ean, Errenteriako lehen hezkuntzako haurrei zuzendutako kontzertu didaktikoak antolatu ditu. Bertan, haize-metalezko tresnak ezagutzeko aukera izango dute.

Andra Mari kultur elkarteko lehendakari Mari Carmen Garmendiak krisialdiak Musikaste gogor kaltetu duen arren, aurtengo egitaraua «txalotzekoa» dela adierazi du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo