Musikaren desirak
Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea
Historiara pasarazi dizkiguten pentsamenduetatik harantzago joan beharra daukagu, bestela, akabo. Dantzarik ez. Historia ez da soilik boteretik emandako bertsioaz osatzen.
Gizakiaren gainean botereak eta jabegoak emandako informazioa oso bideratua eta sesgatua da. Mundu judu-kristauak eredurik biribilena utzi digu. Bere dogmak ezerezetik sortuak direla diote, Jainkoarengatik, ex nihilo, bere nahierara eta apetara, bere erabakira. Modu honetan oinarritzen da fedea bere indarra gizakien gainean botatzeko, bere ahalmen ahalguztidunarekin. Pentsamolde hau kontuan hartuta, edonork hitz egin dezake, eta esaten ari dena ez da garrantzitsua esaten duenagatik agintetik esaten duelako baizik, pulpitu horretatik hitz egiten duenak beti egia esaten du. Zergatik? Fedearen eta pentsamendu magikoaren eragin eta halabeharrez. Ez dago bertsiorik egia bakarra baino. Ez dago beste historiarik bere historia baino.
Gizarte gehienetan antolatu da Jainkoaren bezalako beste figura bat eta honek ondorio latzak ekarri dizkio beti pentsamolde askeari, honek ez baitu sineskeria horietan sinesten. Mundura etortzen garenean gauza bakarra dugu, gutxienez, bizi garen bitartean, gorputzaren bizitza. Urteetan pentsamendu agintezaleak eraiki duen gorputza eskizofreniara eraman du. Nola? Gorputza bera ukatu eta haren plazera eta desirak deuseztatuz zakarkeriarekin, honek eraman gaitu bizi dugun miseria sexualera. Desirak eta plazerak gizakiaren akatsak balira bezala baino hartzen ez direnean zuzenean goaz bizitzaren beraren miseria guztietara. Insolente eta intransigenteak bihurtzeko zirrikitu guztiak dira onargarri, une horien desiran jarduteak plazera ematen du.
Noizbehinka musikak zirrikitu horiek erakutsi dizkigu. Gorputzaren desioari musikak jarri dio doinu eta gorputzaren malgutasunaren formari dantzak. Pentsamendu aginte-zaledun horri beti ateratzen zaizkio ardi beltzak. Dantzarako musikak gure barnean sartuz, geure gorputzarekin bat egiten du. Badirudi soinua gure gorputzaren barruan sortu dela eta dantza haren adierazpena baino ez da. Jazz hitzak hasiera batean sexu harremana esan nahi zuen eta gero sortu zuten jazz musika eta honen bilakaera zeharo erotikoa zen dantza batekin lotu zen. Herri musika (folk) guztiek eraiki dute dantza bat bere miseria sexualari aurre egiteko. Ia dantza guztiak dira sexiak. Bluesaren «Good rocking toonight» sexuaren inguruan zebilen. Rhythm and blues eta rock dantza, sexua eta soinua nahasten dituzte (Larunbat gaueko sukarra) eta Euskal Herriko trikiaren «dultze meneo». Musikaren desirak boterearen pentsamenduari «aurre» egiten.