Xanti Begiristain Madotz Iruñea
Euskaraz bizitzeko eskubidea
Iruñeko manifestaziora joateko aurki litezke hamaika arrazoi. Jakina, hemen ezinen nituzke jarri guztiak, baina, batzuk, behinik behin, saiatu behar dut apuntatzen.
Hasteko eta behin, garai honetan, euskararen etsaiak behin eta berriz saiatzen ari direnean Euskal Herria kontzeptua suntsitzen eta ezabatzen, esan beharra dago, Nafarroa Garaia Euskal Herriko zati bat dela, bai kulturalki eta bai politikoki. Zergatik? Ba, euskara oraindik bizirik dagoelako gure erkidegoan eta toponimiak berak milaka lekutan horrelaxe frogatzen duelako. Horixe da, hain zuzen ere, Euskal Herria izatea, alegia, euskararen herria.
Jarraitzeko, adierazi behar da Nafarroan euskaldun eta euskaltzale asko bizi garela, agintari batzuen borondatearen aurka, bertan euskaraz bizitzeko eskubide guzti-guztiak nahi ditugunak.
Miguel Sanzek, Alberto Catalanek, Yolanda Barcinak eta beste politikari agintedun ugarik esaten digute euskararen alde asko egiten dutela; nahikoa. Baina, euskaldun kontzientziatu guztiok arrunt ongi dakigu, egiten dutena oso gutxi dela, are gehiago, egiten dutena guztiz gutxiegi da, euskaraz normaltasunez eta eskubide ororekin bizi ahal izateko. Horrexegatik, gaur Iruñeko manifestazioan agintari errudun guzti-guztiei gogorarazi, eskatu eta exijitu behar diegu aurrera eraman ditzatela beren betebeharrak aitzakiarik jarri gabe, gezurrik esan gabe, iruzurrik egin gabe eta oztoporik paratu gabe, konparaziora, administrazioetan euskaldunen lanpostuak betetzerakoan, Euskarabideak bere eginkizunak aurrera eramaterakoan eta beste hamaika mila gaitan.
Oso ongi dakigu gaurko manifestazioa lehendabiziko urratsetariko bat baino ez dela izanen, baina saia gaitezen urrats hori ahalik eta handiena izan dadin.
Nafar askok eta askok bertan euskaraz eskubide guztiekin bizi nahi dugulako, kontzientziatu guztiok goazen Iruñera!