Obren hasiera ospatzeko jarduerak Tabakaleran
GARA | DONOSTIA
Maiatzaren 31n hasiko dira Donostiako Tabakalerako berritze arkitektonikorako obrak. Hori ospatzeko, maiatzaren 22tik 29ra ateak zabalduko dituzte. Egun horietan zehar, eraikina zabalik egongo da, 11.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 20.00etara. Ordu erdiro bisita gidatu bat abiatuko da, beraz, ez da beharrezkoa izango izena ematea. Abiapuntua Tabakalera proiektuarekin lotutako zenbait bideo erakusten dituen gunea izango da.
Maiatzaren 26an eta 28an, eraikina modu ezohiko batean bisitatzeko aukera izango da. Iluntzean izango dira bisita gidatuak, 21.30ean, Tabakalera gauez ezagutzeko. Hilaren 22an eta 29an, bost urtetik gorako haurrei zuzendutako bi arkitektura tailer izango dira, 16.00etatik 18.00etara.
Hilaren 29an «Bihar arte!» festa egingo da. 21.30ean hasita, Julian Cobzaru hirukotearen musika emanaldia, Kaabestri harizko laukotearen kontzertua, Kurando Shoji eta Javi P3z-en Gabon Japon musika eta bideo hautaketa eta Los Chets-en Chet Bakerren omenezko kontzertua izango dira bertan.