Aizkora Urrezko lehiaketa
Ligaxkako azkeneko saioa jokatzea erabaki dute
Lopez eta Larretxea neurtuko dira gaur, eta Nazabal eta Arrospide, berriz, bihar.
Jon LEUNDA
Urrezko Aizkoran azkenean jokatu egingo dira final-laurdenetako ligaxkako azkeneko jardunaldiak. Bertan lehiatuko diren aizkolariak jadanik finalerdietan daude, baina finalaurreko horiek multzoko sailkapenaren arabera egingo direnez, hirugarren saioak ere egin egingo dituzte. Gaur, Leitzan, 19.30etik aurrera Larretxea eta Lopez izango dira aurrez aurre.
Bihar, Zeanurin, 12.00etatik aurrera, berriz, Arrospide eta Nazabal lehiatuko dira. Lehen multzoko lehen sailkatuak bigarren multzoko bigarrenaren aurka jokatuko du, eta alderantziz. Baina jaialdi hauetan izango dira beste mailetako lehiak ere. Gaur Leitzan, 23 urtez azpikoetan Mugertza II.a Olanoren aurka neurtuko da, Ohian Larretxea Mugertza III.aren aurka, eta Saralegi Kañamaresen aurka. Bihar, Irazabal Erasunen aurka zen aritzekoa, baina azkenean Erasunek ez duenez jardungo, gaurko Mugertza II.aren eta Olanoren arteko demaren irabazleak ordezkatuko du. Gainera, 18 urtez azpikoetan, Saralegi, Otaño, Lopez eta Ussia neurtuko dira.
Gipuzkoakoa
Aizkoran, Gipuzkoako Bigarren Mailako Txapelketako lehen kanporaketa jokatuko da bihar Beasainen, Gernika pasealekuan, 12.30etik aurrera. Alkizalete I.a, Belauntzaran, Dorronsoro, Esnaola, Mugertza I.a, Mugertza III.a, Telletxea eta Ugarteburu neurtuko dira. Bakoitzak bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu beharko ditu, eta lehenengo hiru sailkatuek lortuko dute uztailaren 26an Mendaron izango den finalerako txartela.
Harri jasotzen, berriz, bihar 17.30ean Aian Euskal Herriko emakumezkoen finala jokatuko da, Etxeberriarekin eta Urkiolarekin. 80 kiloko zilindro zaharra, 70 kiloko kubikoa eta 63 kiloko bola erabili beharko dute eta bakoitzarekin hiru minutuko txandak izango dituzte. Lertxundi eta Irigoien ere bertan izango dira erakustaldia egiten.
Mutrikun, berriz, Olatz auzoan, Urdax Magunazelaia, 12 urterekin, marka pertsonala ezartzera joango da: 125 kilotako errektangularra bizkarrean berdintzen saiatuko da, eta horretarako bost minutuko txanda bat izango du. Ekinaldia 13.00etatik aitzinera izango da ikusgai. Aizkolariak ere arituko dira.
Sokatiran, bihar 11.00etatik aurrera Lur Gaineko Txapelketako bigarren jardunaldia jokatuko da Berriatuan. Goiherri, Gaztedi, Mutriku, Areso, Getxo eta Goiherri B lehiatuko dira.
Harri zulatzen, bihar 13.00etatik aurrera Zierbenan Ligako lehen saioa jokatuko da. Gallarta, Trapagaran, Burdin Gazteak, Errekatxo, Txorierri, Kabiezes, KZ Kolpeka eta Las Karreras neurtuko dira.
Legorretan, bihar, 18.30ean hasita, Gipuzkoako gurpildun aulkiko lokotx biltze-txapelketa jokatuko da. De Anta, Fabrique, Lizaso eta Unamuno neurtuko dira bertan. Era berean, aizkolariek eta harri-jasotzaileek erakustaldiak egingo dituzte.