GARA > Idatzia > Euskal Herria

Berezko hezkuntza sistema eskatuko dute Nafarroako Euskal Eskolaren egunean

Aurtengo edizioa Trinitariosen ospatuko dute, Udalak Takonera parkea erabiltzea galarazi baitie. «Sasi guztien gainetik», maiatzaren 23an, jai nazionalean parte hartzera dei egin du Sortzen Ikasbatuaz elkarteak.
P015_03.jpg

GARA | IRUÑEA

Euskara eta euskal hezkuntza jasaten ari den «erasoen gainetik», datorren maiatzaren 23an Iruñean Euskal Eskola Publiko Berriaren alde ospatuko den 15. jaialdirako gonbita luzatu zuten atzo Sortzen Ikasbatuak elkartekoek. Atzo Iruñean egindako prentsaurrekoan adierazi zutenez, ez da soilik Nafarroaren aldekoa edo bertakoak biltzeko festa izango. Datorren maiatzaren 23koa jai nazionaltzat deitu dute, bidean euskarari jartzen zaizkion trabak gaindituz, erantzun sendoa eta bateratura emateko. Nestor Salaberriak, Sortzen Ikasbatuaz elkarteko kideak GARAri adierazi zionez, euskararen aurka egiten ari diren erasoak etengabeak dira: «Lehenik eta behin salatu behar dugu Euskal Herriko herri eta auzo guztietan euskaraz ikastea debekatuta dagoela, leku guztietan ezin delako gure hizkuntzan ikasi». Gainera, euskaraz ikastea posible den lekuetan ere euskararen dekretu eta abarren bidez, murrizketak eragiten dituzte. «Esaterako -gaineratu zuen-, euskara klase orduak murrizten dituzte irakaskuntzatik, eta horrek eragin zuzena du euskalduntzean».

«Nahi dutena da ikasle sumiso eta kritikarik egiten ez duena, hau da, sistemarekin bat datorrena», adierazi zuen. Halaber, kezkatuta agertu zen, bai hezkuntzaren kalitateari, bai eraikinei dagokienez, azkenaldian «ikasleen beharrak ez dira-eta betetzen», izan ere, ordezkapenak ez dira behar bezala egiten, «krisia aitzakiatzat hartuta».

Sortzen Ikasbatuazek salatzen du, egungo egoera ekonomikoan euskara eta hezkuntza direla kaltetuenak. Salaberriak ohartarazi zuenez, «argi dugu hezkuntza dela jendartearen oinarria eta honekin geroa ari garela zapuzten, etorriko diren belaunaldiei kaltea egiten».

Egoera hau guztia, gero eta orokorragoa izateaz gain, azkenaldian gero eta ohikoagoa dela erantsi zuen. Bere ustez Nafarroako kasua gehiagotan entzuten den arren, oro har begiratuz gero, egoera nahiko antzekoarekin egingo genuke topo: «Jaia horregatik da nazionala. Festak izan nahi du Euskal Herriko hezkuntza eragileen topagunea, baita hezkuntza sistema berezko baten beharra ikusten dugun guztion elkargunea ere».

Udalaren debekuak

Jaialdia «Sasi guztien gainetik» lelopean garatuko da, bidea trabaz beteta dagoela dakitenaren adierazle. «Frankismoaren garaian ere trabak zeuden -adierazi zuen Salaberriak-, eta bai euskarak, bai euskal kulturak jende askori esker aurrera egin zuten, eta orain ere egingo dute. Lortzen ari gara, eta lortuko dugu».

Bidean topatu dituzten traben artean, Iruñeko Udalak eragindakoak nabarmendu zituzten. Aurtengo jaialdia ezin dute orain arte bezala Takonera parkean ospatu. Bertan lanetan ari direla argudiatuz, debekatu egin diete eremu hori erabiltzea, eta horren ordez, Trinitariosen izango da. «Azken leku hau ere lanetan dago, eta beraz dena euskara desagertzearen alde daramaten sistemaren barruan kokatzen dugu ekintza hau, ikusezinak egin nahi gaituzte», azaldu zuen. «Inoiz baino beharrezkoagoa da-eta, txiki utzi behar dugu Trinitarios» esanez, bertaratzeko deia egin zuen.

500 boluntario

Zizur Nagusiko Erreniega institutuak aurten 25 urte beteko ditu D eredua ezarri zuenetik, eta urteurrenaren harira, Adrian Sorli artistak monolito bat egin du. Zentro honetatik soilik ia 500 bolunario ibili dira antolaketa lanetan, maiatzaren 23an ezerk huts egin ez dezan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo