GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Gurutz Garmendia Ondarroa-Azkoitia

Ondar ahoa Aierin bukatzen da

Lan eskergaitza egin zuen bizitza guztian, Ataungo gizon txiki handi, Barandiaran jaunak. Hari esker gorde ahal izan dira milaka eta milaka urtetan lurralde hauetan garatutako sinesmen zaharrak eta galtzera kondenatutako ohitura zaharrei aurrerabidea eman zien. Orain dela 50.000 urte inguru iritsi omen ziren gure arbasoak Izarraitz aldera eta, Kantauriko kostalde eta Auñamendietako bi isurialdeetan, kantauriar-auñamendiar kultura osatu zuten. Bertako adibide dira Altamirako leize-zuloak, Santimamiñekoak, Ekaingoa, Praileaitz edo Lascauxekoak, eta milaka urtetan zehar ingurugiroa ezagutu eta ulertuaz, oso kultura garatua izan zuten.

Izarraitz eta inguruetan dago Europaren jatorria eta ziur aski beste zenbait tokiren jatorria ere bai, eta mendikate horretan oso toki txikian gordetzen diren altxorrak ezin dira dirutan neurtu. Hor dagoena guztion eta gizadiaren ondarea da eta behar bezala zaindu eta landu behar genuke. Baina ez da horrela gertatzen. Peneuve-Amenabar multinazionalak ez die Aranzadi zientzia elkartekoei arrazoirik eman nahi. Praileaitzen gertatzen dena Europa osoko lotsaizuna izan arren. Herrialde zeharo atzeratuetan gertatzen diren gauzak etxean dauzkagun arren. Praileaitz desagertzera doa eta gero izango dira negarrak. Argi gorria pizturik dago.

Eta harriekin jarraituaz, horiek gure arbasoen arimak dira. Harria betikoa da eta betiko behar luke, baina hori ez da horrela gertatzen. Gure arbasoen harriak birrindu egiten dituzte Amalurra deuseztatzeko eta diruzalekeria nazkagarriagatik, gure eta gure ondorengoen etorkizuna deuseztatzen ari dira. Zergatik ez zaio bertakoari daukan garrantzia ematen? Ez ote zaio inori bururatu Izarraitzeko (Ekain, Praileaitz, beste hainbat kobazulo, Munohaundi...) jatorrien gunea osatzea? Ez ote luke horrelako egitasmo batek onura nabarmenik ekarriko bailara guztiarentzat? Porlana diru txarra da.

Eta harriekin bukatzeko, zein hobe kostaldekoak baino. Ondar ahokoak hain zuzen ere.

Izarraitzeko magaletik heldutako 50 lagunek eraiki omen zuten herri arrantzale honetako gaztelu-eliza Erdi Aroan eta bertan garatu harri bihurtu zen Leokadi neskatilaren kondaira. Harritu egin omen zen neskatila hau, eta gero bere amak eroritako harria jaso eta bertan bere alaba Leokadi ezagutu zuen. Nolabait esateko, Amalurretik gatoz eta Amalurrera bueltatuko gara, eta gure arbasoen arrastoak harrietan gelditzen dira. Eta abuztuan, urtero-urtero lez, bere hitzaldi sorgin-zoroa emango du Leokadik Andramari edo Damamariren jaietan eta aurtengoan, ia seguru, hauxe izango da leloetako bat: Aieri ezta ikutu ere!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo