«Herritarren oinarrizko eskubideak ez zaizkiola inporta erakusten du»
Paul Bilbao apirilean hartu zuen Kontseiluko idazkari nagusiaren lekukoa eta larunbateko euskararen aldeko manifestaldi deialdia egin zuen eragile askorekin batera. Arrakasta handia izan du ekimenak. Bi egun beranduago, «mugarri»tzat jo du mobilizazioa; eta Miguel Sanzen mespretxua, aldiz, «salatzen dugunaren erakuslea».
N.B. | IRUÑEA
Pozaren pozez da Paul Bilbao. GARAri esan dionez, Kontseiluko kideen indarra azaldu da eta orain agenda bat adostu eta garatzeko garaia da.
Zein da manifestalditik Kontseiluan egin duzuen balorazioa?
Oso ona, ez genuen hainbeste jende espero. Aurreikuspen guztiak gainditu ditugu. Nafarroan euskararen alde egin den manifestaldirik jendetsuena izan da. Manifestaldi honekin erakutsi dugu Nafarroan euskaraz bizi nahi duten milaka herritar daudela. Gobernuak ezin ditu pertsona guzti horiek ikusezinak bihurtu, ezin gaitu mapatik kendu. Euskararen alde Nafarroan egin den manifestaldirik jendetsuena izan da, historikoa izan da! Ez genuen zenbatu zenbat jende joan zen, baina udaltzainek diotenez 15.000 pertsona gerturatu ziren.
Deialdiaren arrakasta eta gero, zer duzue buruan?
Mugarri bat izan da, eta orain arnasa hartu eta lanean hasi beharko gara. Gizarteak Kontseiluaren eskaerari ondo erantzun dio eta erakutsi du Kontseiluko bazkideak aktibatzen garenean zer lortzen dugun. Orain kideek agenda bat osatu beharko dugu euskararen alde egiteko.
Zer uste duzu Sanzek manifestaldiari buruz esan duenaz?
Sanzi ez bazaio axola milaka pertsonek euskaraz bizitzeko eskubidearen alde kalera atera izanak, erakusten ari da zer nolako politikariak dauzkagun Nafarroako Gobernuan. Ikusezinak egin nahi gintuzten, eta gu ikusgai egin ginen larunbatean Iruñean gure ideiak azaltzeko. Hala ere, ikusten da herritarren oinarrizko eskubideak ez zaizkiola inporta. Sanzek izan duen jarrerarekin guk askotan salatu duguna erakutsi du.