GARA > Idatzia > Ekonomia

Arabako Errioxako ardo bati eman diote urrezko domina mundu mailako txapelketan

Arabako Errioxako ardoak mundu mailan sona handia duela gauza jakina da, eta izen on hori are hobea izango da Lar de Paula upategiaren ardoak mundu mailako txapelketetan sari nagusia eskuratu ostean.
p025_f01.jpg

GARA | GASTEIZ

Arabako Errioxako Lar de Paula upategiak urrezko domina eskuratu du Brusela 2010 izeneko mundu mailako ardo txapelketan. Saria 2005ko ardoagatik jaso du aipatu upategiak, eta horrez gain, 2007ko uztagatik zilarrezko domina irabazi du. Txapelketako epaimahaia ardoaren sektoreko aditu ezagunenek osatzen dute, eta aurtengo edizioan berrogei herrialdetako sei mila bat ardo dastatu dituzte. Horien guztien artean gailendu da Bilar herrian mahastiak dituen upategia.

Aurtengoak ez dira, ordea, 2005ean sortutako Lar de Paulak jaso dituen lehenengo sariak, izan ere, upategiak atzo nabarmendu zuenez, iaz hogei sari baino gehiago lortu zituen, ekoizten dituen ardo mota desberdinekin. Gaur egun, 800.000 mila kilo mahats eta 500.000 litro ardo ekoizten du upategi honek, eta ekoizpenaren %60 AEBetara, Alemaniara, Britainia Handira, Holandara, Poloniara, Txekiar Errepublikara eta Suitzara esportatzen du.

London Wine 2010

Bestalde, gaur hasiko da London International Wine 2010 azoka, eta han izango dira Arabako Errioxako sei upategitako ordezkariak, Lakuako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Elikadura eta Arrantza Sailaren pabiloian. Azoka sonatua -30. edizioa du aurten- ostegunera arte egongo da zabalik. Merkatu ingelesa tradizioz Arabako Errioxako ardo kontsumitzaile garrantzitsua da, Europa mailan ardo inportatzaile garrantzitsuenetarikoa baita.

«Potentzial handiko merkatua da, bai esportatzaile berrientzat, bai eta merkatuan barneratuta dauden upeltegientzat, beren merkatu kuota mantentzeko edota handitzen saiatzeko», adierazi zuten atzo aipatutako Lakuako sailetik.

Mundu osotik heldutako milaka lagunek hartuko dute parte Londresko azokan, eta bertan, hainbat motako ardo dastatzeez gain, edari honekin zerikusia duten mintegiak eta hitzaldiak izango dira, 2010.londonwinefair.com webgunean azaltzen den legez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo