Edurne Pasabanek erronka handia gainditu du
Euskal mendizaletasunak izen handiak ditu, horietako batzuk munduko mendirik handienetan nabarmendu direnak. Handitasun hori zenbakien bidez baino neurtu ahal izango ez balitz ere, munduko onenen artean leudeke haietako zenbait, eta pare bat, atzotik hiru, hautatuenen artean. Hirugarren hori emakumea. Edurne Pasaban tolosarrak atzo lortu zuena, zenbakitan neurtuta ere, ez da txantxetakoa. 8.000 metrotik gorako mendi guztiak igo ditu, orain artean munduan oso gizon gutxik eta emakume bakar batek baino lortua ez zuten balentria. Euskal Herrian Edurne Pasabanen izena Juanito Oiarzabalenari eta Alberto Iñurrategirenari gehitu behar zaie. Pasaban marka hori lortu duen lehen emakume euskalduna da, lehen europarra, eta munduko bigarrena, Oh Eun-Sun korearrak baino zenbait egun geroago Shisha Pangmaren gailurrera iritsi eta horrela hamalau gailur ikusgarrietako tontorrak zapalduta. Ez da gutxi. Lehiak eta lasterketak alde batera utzita, Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo ere ez zegoen zalantzarik Pasabanek erronkari eutsiko ziola eta gainditu egingo zuela. Erronka handia zuen, eta erronka hori gainditzeko gauza dela erakutsi du, beharbada lehena izateko presiorik gabe mendia areago gozatuz, baina urte askotako lana burutzear zuela gogoan. Nolanahi ere, meritu handia, lan horren guztiaren ondorio.