Hego Euskal Herriko gobernu autonomikoen eredugarritasun eta irudi zalantzagarriak
Hego Euskal Herriko gobernu autonomikoak Jose Luis Rodriguez Zapatero espainiar presidenteak iragarritako murrizketek euskal herritarrengan izango duten eraginaren gaineko zalantzak uxatuz doaz pixkana. Gasteizko Ekonomia eta Ogasun sailburu Carlos Aguirrek adierazpen bitxia egin zuen atzo. Standard & Poor's agentziak Gobernu espainolak iragarri zituen neurriei ez jarraitzeko aholkatu omen zion; hala ere, agentzia horrek ezer gutxi omen daki ekonomiaz. Argi dago Aguirrek eta bere Gobernuak Rodriguez Zapatero dutela erreferentzia nagusi; izan ere, ostegunera arte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan zer eragin izango duten ez badaki ere, Madrilen neurriak defendatu zituen.
Gasteizko eta Iruñeko lehendakarien irudia ere oso zalantzan geratu zen atzo. Patxi Lopezek osasungintza gehiegi ez erabiltzeko eskatu zien herritarrei, osasun zerbitzuetara asperduraz-edo joko balute bezala. Miguel Sanzek eta goi kargudun publikoek, berriz, beren soldata jaitsiko dutela iragarri zuten. Zer esan nahi dute? Beraiek egingo duten «sakrifizioa» nafar guztiek egin beharko luketela? Gehienek gustura egingo lukete, Sanzen soldata jasoko balute.